Sagardo Eguna

Eneko Eizagirre: “Joan zen urteko planaren antzeko zerbait egingo dugula pentsatzen dut, trago batzuk hartu lasai bazkaldu eta gero gerokoak”

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 14a, 12:51

Zubieta aldean ere oso maitea dute Usurbilgo Sagardo Eguna. Gazteek urte osoan gogoz itxaroten duten eguna izan ohi da. Botatzen aritu nahiz ez, gazteentzat ere muzin egin ezinezko zita izaten da urterokoa. Horra Zubietako Eneko Eizagirreren esperientziak Sagardo Egunaren baitan.

NOAUA! Joan zen urtean Sagardo Eguna etxetik ospatzeko deia egin zuten. Nola ospatu zenuen zuk?

Eneko Eizagirre: Goizean jaiki eta Noauatik Sagardo Eguneko argazkiak atera eta bidaltzeko proposamena luzatu zenutela ikusi genuen, eta bitan pentsatu gabe alkondara zuria eta zapi urdina jarri eta sagardo botila irekitzera joan nintzen. Amak atera zidan argazki hura, eta Noaua!ra bidali genuen. Tabernak ireki zituzten lehen asteburua edo bigarrena izan zen hura, eta aprobetxatu beharra geneukala ikusi genuen. Goizean trago batzuk hartzeko geratu ginen lagunak herrian, eta bazkaltzeko lekua hartuta geneukan Artzabalen eta horixe egin genuen. Arratsaldean ere, tragoak hartzen jarraitu genuen, egunak merezi zuen eta. Eguraldiak ere lagundu zigun eta, tira, urteroko Sagardo Eguna ez, baina beste modu bateko Sagardo Eguna ospatu ahal izan genuen. 

 

Urtero frontoian ospatzen duten horietakoa al zara? Zein da zure urteroko ohitura?

Bai, urteroko zita izaten da frontoira hurbiltze hori. Ez naiz inoiz sagardoa botatzen aritu, baina goiz osoan atzera eta aurrera aritzen diren horietakoa naiz. Hala ere, gustatuko litzaidake sagardoa botatzen jartzea. Aurten ezinezkoa izango da, baina datorren urterako ez da plan txarra. Sagardo Eguna antolatzen duen taldeak ere laguntza eskatu izan du behin baino gehiagotan, eta horretan ere hasi beharko dugu, agian. Urtebete daukagu oraindik hori guztia ongi pentsatzeko.

 

Aurtengoa ere ospatu beharko duzu, ezta?

Lagunartean horri buruz hizketan aritu gara aste honetan, eta bazkaltzeko lekua hartu dugu Guria tabernan. Joan zen urteko planaren antzeko zerbait egingo dugula pentsatzen dut, trago batzuk hartu lasai bazkaldu eta gero gerokoak.