Tanta egitasmoa ikastolen jaien ekimenez sortu da. Azaldu dutenez, jaiok finantzatzeko, egunean bertan eta urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak…). Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du; dirua, auto bat, bidaia bat… horrelako zozketak egin ohi dira. Helburua bera izanik (jaien autofinantzaketa), bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dute, eta Tanta sortu dute.
Tanta egitasmoarekin Ikastola eredua ere azaldu nahi dute; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi dute. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi dute, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz. Tanta abiatzeko aukeratu zuten lehen pertsona Elbira Zipitria andereñoa izan zen. Bigarren ekitaldirako, berriz, Saioka testu-liburuen proiektua aukeratu dute.