Kultur Bira

Kultur Bira luzeagoa, eragileen parte hartze zabalagoarekin

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 14a, 19:10

Aurten ere izango ez ditugun ohiko jaiak ordezkatuko dituen Kultur Bira ostiral honetan aurkeztu dute herri eragile anitzek eta Usurbilgo Udalak. Iazko estreinako edizioa baino luzeagoa izango da aurtengoa, auzoetako jai batzordeek ere bat egin baitute ekimenarekin.

Honez gero zalantzarik ez dagoen moduan, oraindik ere covid19ak eragin eta kontrolpean ez den osasun krisialdiaren eraginez iaz bezala aurten ere ez dugu 2019ra arte bizi izan genituen herriko nahiz auzoetako festarik izango. Ez behintzat, duela bi urtera arte ezagutu genituen modu berean. Baina iaz estreinakoz antolatu eta bideratu zen Kultur Birak erakutsi zuen, garai zailetan ere badela alternatiba bideragarririk.

Ildo hari segita erabaki dute 2021eko bigarren edizioa antolatzea. Ostiral arratsalde honetan aurkeztu dute Udarregi Ikastola pareko zelaian. Aurtengoan denbora gehiagoz izango dugu kultura biran, ziklo luzeagoa izango da. Parte hartze zabalagoarekin; iaz bezala eragile anitz bildu dira aurten antolaketa lanetara, gehiago eta eremu zabalagokoak. Hortxe baita aurtengo berritasun nagusia; iazko Kultur Bira betiko herriko festen ordez ospatu zen. Aurten, auzoetako jai batzordeak ere ekimen honetara batu dira eta honenbestez, Kultur Bira ere gune guztiotara hedatuko da; Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Santuenea, Atxegalde edota Aginagara.

Kalezar eta Usurbil, lehen geltokiak
Kultur Biraren baitan, Kultur Birak, gaurko aurkezpenean nabarmendu duten moduan pluralean, ospatuko dira datozen hilabeteotan. Egitaraua aurrerago ezagutzera emango duten arren, zenbait xehetasun aurreratu dituzte; lehen bi Kultur Birenak hain zuzen. Kalezarko San Juanen ordez ospatuko dena, Kalezarren bertan ekainaren 23tik 27ra. Eta Usurbilgoa, aurtengoan, ekainaren 11n hasi eta uztailaren 17ra arte luzatuko dena.

Iazko baliabideen aldeko apustua egin dute aurtengorako ere; sarrerak eskuratzeko usurbilkultura.eus plataforma baliatzen segi beharko da. Ekitaldietarako iaz bai antolatzaileek baita parte hartu zutenek zorrotz bete zuten segurtasun protokoloa ezarriko da.


2021eko USURBILGO KULTUR BIRAK
Berritasuna: Kultur Birak pluralean, Usurbilen eta pandemia aurretik jaiak antolatzen zituzten jaietan.
Parte hartuko duten eragileak: Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Jai Batzordeak, Xauxar Txosna Batzordea, NOAUA! K.E., Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea edota Ziortza Gazte Elkartea.

Birak:

-Lehen birak: Kalezarko eta Usurbilgo Kultur Birak.
-Hurrengoak: Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Kultur Birak.

Usurbilgo Kultur Bira
-Epea: ekainak 11-uztailak 17.
-Tokiak: Artzabalgo frontoia eta Udarregi Ikastolako patio borobila. Eguraldi onarekin Udarregi Ikastola pareko zelaia.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, astebete lehenago etxez etxe banatuko dute egitaraua.

Kalezarko Kultur Bira
-Epea: ekainak 23-27.
-Tokia: Kalezarko plazako karpagunea.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, auzoko postontzietan banatuko dute egitaraua. Herri osoan NOAUA! nahiz  usurbilkultura.eus bidez ezagutaraziko da.

Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus 
Oharrak:
-Usurbil eta Kalezarko Kultur Birak garai berean egokituko direnez, bi eremu berezitu izango ditu usurbilkultura.eus atariak, bateko zein besteko ekitaldietan izen emateko.
-Ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago sarreren zozketa.
-Zozketaturiko sarrerak nortzuei egokitu zaizkien email bidez jakinaraziko da.
-Ekitaldi guztiak une horretako osasun krisialdiari lotutako egoerara egokituko dira. 

Kultur Bira sarean:
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/

Antolatzaileak: Usurbilgo herri eragileak eta Udala.