Argi zioten; egoera ez da aldatu, iaz bezala, covid19ak eragindako osasun krisialdiak baldintzatuko du baita aurtengo uda. Honenbestez, 2019ra arte bizi izan genituen ohiko jaiez ezingo dugu gozatu. Baina alternatibarik bada, ohi denez, izaera sortzaile nabarmena duen Usurbilgo bizitzan; Kultur Biraren bigarren edizioaren jiran murgilduko gara datozen hilabeteotan.
Ostiral arratsalde honetan aurkeztu dute hain zuzen, ziklo honen balizko eskenatokietako batean; Udarregi Ikastola pareko zelai berdean. Kultur Biraren bigarren edizioari heltzea erabaki dute agerraldian parte hartu eta egitasmo honetara batu diren udal eta herri eragileek, "guretzako kultura eta kulturgintza ez delako soilik aisialdia eta denborapasa. Guretzat, Usurbilgo, eta oro har Euskal Herriko kulturgintza gure herri nortasunaren oinarria da eta baita etorkizunean eraiki nahi dugun herriaren zutabea ere".
Auzolana indartuta
Gaurko agerraldian parte hartu duten eragileek eskaini nahi duten irudiaren isla izan nahi du Kultur Birak; auzolanarena. "Badugu argazki honetan, ederki asko ikusten den herri eragileen arteko elkarlan bikain bat", herri eragileon esanetan, "iazko ekintza handi hartatik azpimarratu dezakegun gauza onena. Aurten horrekin gatoz eta hori indartzen dugu".
Auzolanaren aldeko apustua berretsi eta indartu dute aurtengo ediziora begira; Kultur Bira nagusi baten baitan, bira bat baino gehiago iragarri baitituzte. Aurten, Usurbilgo herriko jaiak soilik ez, auzo-herrietakoak ere ordezkatuko ditu Kultur Birak. Santuenea, Urdaiaga, Kalezar, Atxegalde eta Aginagako jai batzordeek bat egin dute egitasmo honekin, beste herri eragile batzuen artean. "Iaz antolatu ezin genuen arren, aurten ikusi dugu Kultur Biran parte hartuta, San Juan hauek hainbat aukera ematen zizkigula plataforma eta baliabideen aldetik", nabarmendu dute gaurko aurkezpen saioan parte hartu duen Kalezarko Jai Batzordeko ordezkaritzak.
"Kulturgintza behar dugu, kulturgintzak behar gaitu"
Adin tarte nahiz zaletasun guztiak asetzeko moduko Kultur Birak izango ditugu hilabeteotan. "Iazko funtziomendu bera izango du", iragarri dute herri eragileek. Sarrerak eskuratzeko usurbilkultura.eus plataformara jo beharko dugu, segurtasun protokolo baten baldintzapean ospatuko dira ekitaldiak. "Osasun neurriak bermatuak izango dira". Plazaratuko duten kultur eskaintzan nabariko den moduan, antolakuntza ereduari ere aniztasuna dario. "Lehengo urtera arte eragile ezberdinek, gure ekitaldi propioak antolatzen genituen, baina iazko esperientzia aitzakia ona izan zen ikusteko, elkartuta, ekimen politagoak, entretenigarriagoak, aberatsagoak antola daitezkeela. Iazkotik ikasita eta ezohiko egoeratik ezohiko erantzunak ematen ikasi behar dugulako, aurtengoan ere eragile ezberdinak elkartu gara"
Kultur Biraren egitarau zehatz aste gutxi barru aurkeztuko dute. Momentuz, kultura herrian barrena jira-biran ibiliko den hilabeteotako hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu digute. "Animatu bai usurbildarrak, bai Usurbildik kanpo dauden kulturzale guztiak bira hauetara. Kulturgintza behar dugula erakutsi digu pandemia madarikatu honek, baina kulturgintzak ere behar gaituela ere bai. Animatu eta bertan elkar ikusiko gara".