Badugu zer ikasia, badugu zer hobetua. Herrian bertan ditugun altxorrak hobeto zaintzen hasi gaitezke, berandu baino lehen. Bestela, arnasgune ditugun eremuak galbidean jar ditzakegu. Aranerreka da horren guztiaren adibide egokia. Ingurune ezin ederragoa dugu, herri erdigunetik bertatik bertara, osteratxoa eman, zuhaitz artean inguratu edota bertako paisaiaz, txorien kantuez, errekaren ur soinu lasaigarriaz gozatzeko aukera dugu.
Baina ez gara behar bezala zaintzen ari. Argi utzi du larunbat goiz honetan Anerreka Ingurumen Elkarteak antolatu duen auzolan saioak. Errekatxiki ingurutik hasi eta Puntapaxetik gora, errekatxo honen inguruak hondakinez garbitzen aritu dira, deialdiarekin bat egin duten belaunaldi ezberdinetako herritarrak.
Plastikoa nonahi
Oinez ibiltzen abiatu orduko ekin behar izan diote lanari. Eta geratu gabe aritu dira. Bi lan taldeetan banatu dira; batzuk Puntapaxetik Errekatxiki alderako eremuan aritu dira garbiketa lanetan, gainerakoak Puntapaxetik gora. Freskagarri nahiz edari alkoholdun (bereziki garagardoa) ontzi arinak, aurrez erretako egur puskak uretan, denetariko poltsak, estalkiak, obretan erabilitako materiala, pandemia garai honetan erabilitako musukoak... eta plastikoa, kolore nahiz forma anitzetan. Ingurumenak irentsi ezin duen plastikoa, baina guneren batean ikusi da lurperatzen nola doan, ingurua barruraino kaltetzeraino. Hondakinak baita errekan nahiz erreka ertzean, urak ibaira eta handik itsasoraino garraiatzeko moduan.
Etxean hondakinen kudeaketarekiko erakusten dugun jarrera eredugarria, kalean hobetzeke dugun seinale argia larunbat goiz honetan Aranerrekan egin duten auzolanak agerian utzitakoa. Herritarrek bildutakoa udal langileek Garbigunera eraman dute eguerdian.