Ohartarazpen argia egin du larunbat goiz honetan Anerreka Ingurumen Elkarteak, lurra landu eta zaintzeaz arduratzen diren baserritarren egun honetan, San Ixidro egunez. Auzolanerako deia egina zuen herri eragileak Aranerreka hondakinez garbitzeko.
Belaunaldi ezberdinetako herritar talde bat batu da hitzordura. Katiuskak jantzita eramatea eskatzen zuten, gainerako baliabideak (eskularruak, hondakinak biltzeko pintzak, poltsak...) bertan banatu dituzte. Artzabalen bildu dira. "Erreken inguruan sentsibilizazioa areagotzea, natura babestea", xede hau nabarmendu du Anerrekak gaurko auzolana bideratzeko beharra azaltzerakoan.
Argi jakinarazi diete antolatzaileek bertaratutakoei; "ikusiko duzue zenbat lata, patata poltsa... dauden ingurunean". Horren arriskuaz ere ohartarazi dute. "Haizeak eta urak bultzata errekan amaitzen dute". Eta errekatik, kasu honetan Oria ibaira eta erriotik itsasora. "Askotan entzungo zenuten nola arrainek plastikoa jaten duten, itsasoa plastikoz betea dagoela. Plastiko horiek guztiak nonbaitetik doaz eta horietako asko gure ingurunetik ere hara iristen direla ikusiko duzue".
Esan eta izan. Auzolanean hasi direnerako nabaria zen zenbat hondakin dagoen Aranerreka inguruan, errekan nahiz erreka bazterrean itsasoratzeko prest, albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezuenez.