Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunarekin bat egina duten EAE-ko 21 udalerrik eremu honetan eginiko ahalegina aitortu die Eusko Jaurlaritzak, asteazken honetan Donostiako Miramar Jauregian ospatu duten ekitaldian. Udalerriotako bat Usurbil dugu eta udalerri honen izenean Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak diploma jaso du, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren eskutik. Besteak beste, Atez Ateko bilketa, edota uraren kudeaketa goraipatu ditu Gasteizko gobernuak.
"Klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa lortzeko bidean, Usurbil energia kontsumoa murrizten eta energia berriztagarriak ezartzen ari da; uraren kudeaketa hobetzen ari da eta kontsumoa murrizten. Halaber, hondakinak Atez Ateko zerbitzuaren bidez kudeatzen ari da, baliabide bihurtzeko. Ingurumen- eta hirigintza-plan batzuk gauzatzen ari dira, Usurbil jasangarria lortzeko helburuarekin", nabarmendu du Jaurlaritzak.
Glasgowko goi-bilerara begira
Usurbil, klimari eta energiari dagokionez abangoardian dauden 21 udalerrien artean kokatu du Jaurlaritzak. Hauekin guztiekin: Abanto-Zierbena, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Ispaster, Legazpi, Mungia, Muskiz, Oñati, Portugalete, Sestao, Tolosa eta Gasteizekin batera.
Guztiak, Usurbil barne, mundu mailako Alkateen Klima eta Energia Itun handienaren kide dira. Munduko 61 herrialdeetako 10.000 tokiko eta eskualdeetako erakundeek baino gehiagok parte hartzen dute "eta, beren borondatez, klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa hartzen dute". Gaurko ekitaldia, azaroa hasieran Glasgown (Eskozia) ospatuko den Nazio Batuen Klimaren goi-bilerara begira eginiko "prestakuntza-jardueretako bat" izan da.
"Gauzatu energia"
Aitortza ekitaldiarekin batera, jardunaldi tekniko bat egin dute Miramarren. Energiaren Euskal Erakundeak (aipatu itunaren erakunde koordinatzaileak) udalerriek arlo honetako helburuak lortzeko eskura dituzten "klima-ekintzako eta energia-trantsizioko" tresnen berri eman du.
Tapiak udalei zuzenduriko bi diru-laguntza lerro aurkeztu ditu; batetik, "Gauzatu Energia" programa. "Energiaren Euskal Erakundeak, gaurtik aurrera, laguntzak jarriko ditu abian Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko administrazio eta erakundeen eskura". Guztira, "90 milioi euroko finantzaketa gehi 10 milioi eurokoa, toki-administrazioetan energia-azterketak eta ikuskapenak egiteko". Bestetik, "klima-aldaketaren arloko proiektu berritzaileetarako laguntzak".
Irudien egilea: Eusko Jaurlaritza.
