Sagardo Eguna etxetik

Bizilekuak, etxetik ospatzeko Sagardo Egunerako prestatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2021eko maiatzaren 19a

Aurten ere plaza giroan ospatu ezingo den maiatzaren 23ko Sagardo Eguna etxetik, osasun neurriak errespetatuta bizitzeko gonbita luzatua du Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak. Balkoiak, etxe atariak apaintzekoa. Lau egun baino ez dira falta. 

Iaz bezala, oraindik orain, covid19ak eragindako pandemia kontrolpean ez denez, ezingo dugu plaza giroan 2019ra arte egiten genuen moduan, izatez maiatzaren 23rako iragarria zegoen aurtengo Sagardo Eguna ospatu. Usurbildarren festa egun kuttunena etxe giroan, osasun neurriak errespetatuta bizitzeko deia egin du Sagardo Egunaren Lagunak taldeak.

Eta horretarako, iaz bezala, etxe atariak, balkoiak apaintzera animatu ere bai. Iazko edizioa ospatzeko baliaturiko materiala berrerabiltzea eskatu dute. "Jantzi balkoiak lehengo urtean banatu genituen eta gorde zenituzten plastikoekin, atera maindire txuri bat eta trapu gorriren batekin atondu, atera armairutik baserritar jantziak, ireki sagardo botila eta egin TXOTX!", luzatu dute gonbita.

2022an bai, "inoiz baino kementsuago itzuliko gara!", iragarri dute Sagardoaren Lagunak taldeko kideek. 

Argazkiak atera
Ezohiko Sagardo Egun hau nola biziko duzuen iruditan jaso nahi genuke NOAUA!n. Horretarako zuen argazkiak hedabide honekin partekatzeko gonbita luzatzen dizuegu. Egin beharrekoa oso erraza da; herriko sagardoa erosi bertako saltokietan edota zuzenean Usurbilgo sagardotegiei. Igande honetan, maiatzaren 23an, sagardo botila batekin txotx egiten agertzen zareten unea argazki batean bildu eta sare sozialetan partekatu #usurbilgosagardoeguna edo #sagardoeguna traolak erabilita.

SAGARDO EGUNAREN LAGUNAK TALDEKOEN OHARRA
Kaixo lagunok!
Izugarrizko gogoa genuen aurtengoan gure herriko plaza horrela ikusteko, baina tamalez, egungo osasun egoera dela medio, ezinezkoa da horrelakorik antolatzea.

Aurtengo honetan ere zuen etxeetan ospatzera animatzen zaituztegu ordea, jantzi balkoiak lehengo urtean banatu genituen eta gorde zenituzten plastikoekin, atera maindire txuri bat eta trapu gorriren batekin atondu, atara armairutik baserritar jantziak, ireki sagardo botila eta egin TXOTX! Ez gaitzala egoerak atzera bota eta ospa dezagun Usurbilgo Sagardo Eguna, ahal den moduan eta beti ere osasun neurriak zainduz.

Ez dezagun ahaztu inoiz... Usurbildarrak daukate... sagardo... alkate.

Datorren urtean inoiz baino kementsuago itzuliko gara!

Gora Usurbilgo Sagardo Eguna!