Ondasun Higiezinen Zerga ordaindu behar dutenen errolda fiskala jendaurrean

Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez, "2021eko urteari dagokion Ondasun Higiezinen Zerga ordaindu behar dutenen errolda fiskala onetsi da". Aipatu errolda onartuta, jendaurrean izango da hilabetez ikusgai, Usurbilgo Udalako kontuhartzailetzan. 

Ostegun honetatik (maiatzak 20) zenbatzen hasita, hilabeteko tartea izango da errolda aztertu eta inork erreklamaziorik aurkeztuko nahiko balu, tramitazio hau bideratzeko, udal erregistroan. 

Ondasun Higiezinen Zerga biltzeko epea ere finkatua du Usurbilgo Udalak; maiatzaren 14tik uztailaren 1eko tartea hain zuzen, bi egunok barne direla. "Helbideratutako ordainagiriak uztailaren 1ean kargatuko dira zergadunak adierazitako banketxeko kontuan", ohartarazi du Udalak. 

"Helbideratu gabeko ordainagiriak maiatzean zehar bidaliko dira zergadunak adierazitako zerga helbidera. Ordainketa egin beharko da entitate laguntzaileen bidez (Kutxabank, Euskadiko Kutxa eta Rural Kutxa) edo internet bidez "Nire Ordainketa" atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nireordainketa). Zor horiek zergabilketa epearen barruan ordaintzen ez badira premiamenduzko prozedura exekutiboari ekingo zaio eta eskatuko dira premiamenduzko errekargua, berandutze interesak eta zor daitezkeen kostuak".