"Geuretik Sortuak"

Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre, "Geuretik Sortuak" egitasmora bidaiatzeko prest

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 20a, 14:17

Euskarazko sorkuntza sustatzeko Udalbiltzak abiarazitako "Geuretik Sortuak" beka deialdian parte hartuko dute Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre herritarrek. Arrietak Etxarri-Aranatzen egingo du egonaldia, Agirrek Artziniegan. Biek ala biek idatzizko sorkuntza lan bana plazaratuko dute. Usurbilen gainera, bisitari bat izango dugu egitasmo honen baitan; Itxaro Borda idazlea. Proiektuan parte hartuko duten sortzaileak bildu ditu gaur Udalbiltzak Oiartzunen.

Bidaiatzeko prest dira Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoko bekadunak. Euskarazko literatura, zinemagintza eta antzerkigintza lanak sustatzeko, finean euskal kulturgintzari merezitako bultzada emateko, Usurbil kide duen Euskal Herri osoko udalerrien bilguneak, euskal erakunde nazionalak martxan jarritako proiektura proposamenak aurkeztu dituzten sortzaileez ari gara.

Otsaila hasierara arteko epea finkatu zuen Udalbiltzak egitasmoak aurkezteko. 73 proiektu proposamen jaso zituzten. Batere erraza suertatu ez zitzaien hautaketa prozesutik azkenean 26 izan ziren aukeratuak. Haiekin guztiekin bilduta agerraldia egin du ostegun honetan Udalbiltzak Oiartzunen.

Tartean ziren, beka deialdi honetara aurkezturiko bi herritar sortzaile ere; Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta. Ugaitz Arabako Artziniegara joango da, Yolanda Nafarroako Etxarri-Aranatzera. Gainerako 24 sortzaile hautatuek ere bidaia bera gingo dute, norbere sorterritik kanpoko beste udalerri batean hiru astera arteko egonaldia egin ahalko dute. "Aurretiaz prestaturiko proposamenak eramango dituzte, baina baliteke herriarekin kontaktuan egonez, bertako errealitatea bisitatu edo bizituz beste norabide bat hartzea. Horixe da proiektu honi bizitasuna ematen dion ezaugarrietako bat; elkarlana, kanpotarren begirada, lurralde ezberdinetako euskaldunen arteko elkar ulertzea", Udalbiltzaren esanetan.

Idazlanak Udalbiltzak argitaratuko ditu
Tokian tokiko egonaldi horietan bizitakotik, 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur sortuko dira. Guztiak euskaraz. Segidan duzue sortzaileen zerrenda, norbera nongoa den eta egonaldia non egingo duen; Euskal Herriko 38 udalerri ezberdinetan. Euskal Herria kohesionatzeko ahaleginaren adibide argia izango da, Euskal Herriko lurralde guztietako sortzaileek ezezaguna zaien beste txoko batera joko baitute. Aipatu moduan, Usurbilgo bi sortzaile Euskal Herriko beste udalerri batera joango dira; eta bisitari bat ere gure artean izango dugu. Itxaro Borda baionar idazlea Usurbila etorriko zaigu uztailean. "Benetan gure eskerrik eta zorionik beroenak parte hartu duzuen guztioi", adierazi diete Udalbiltzako kideek sortzaile talde zabal eta anitz honi. 

Datozen hilabeteotan sortzaile guztiok bideraturiko lanketa etorkizunean ezagutuko dugu. Literatur lanak, tartean Arrieta, Agirre eta Bordarenak Udalbiltzak berak plazaratuko dituela iragarri dute gaur, "askatasun gehiago izango dugula iruditzen baitzaigu". Iragarri dutenez, "ipuin bilduma lizentzia ireki batekin argitaratuko da". Fisikoki salgai izango da, baina liburu elektronikoa ere deskargatu ahalko da. Film laburrak Adabaki ekoiztetxeak landuko ditu. 

UDALBILTZAREN "GEURETIK SORTUAK" SORKUNTZA LANAK SUSTATZEKO EGITASMOAN PARTE HARTZEKO HAUTATUAK
Literatura
- Amasa-Villabona: Maitane Perez (Iruñea).
- Araitz, Betelu eta Larraun: Iñaki Martiarena (Donostia).
- Artziniega: Ugaitz Agirre.
- Etxarri-Aranatz: Yolanda Arrieta.
- Larrabetzu: Nahia Zubeldia (Donibane Lohitzune).
- Leitza: Garazi Albizua Castelao (Bilbo).
- Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre: Nefer Olaizola (Gasteiz).
- Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla: Maialen Akizu (Urretxu).
- Ondarroa eta Berriatua: Sarai Robles (Barañain).
- Urepele: Iban Garro (Lesaka).
- Usurbil: Itxaro Borda (Baiona).
- Uztaritze: Edorta Jimenez (Mundaka).
- Zaldibia: Peru Calabaza (Larrabetzu).
- Zestoa: Danel Lauzirika (Gernika).
- Zuia: Bertol Arrieta (Zarautz).
- Zumaia: Fito Rodriguez (Gasteiz).

Antzerkia
- Arrigorriaga: Tanttaka teatroa (Donostia).
- Atarrabia eta Uharte: Metrokoadroka sormen laborategia (Oiartzun).
- Bergara: Oier Zuñiga (Iruñea).
- Oiartzun: Lore-more konpainia (Nafarroa).
- Oñati: Bon bon noir konpainia (Gotaine-Iribarne).

Zinema
- Hernani: Raúl Barreras (Karrantza).
- Baigorri: Josu Martinez (Barakaldo).
- Galdakao: Leire Egaña (Oñati).
- Tafalla: Amancay Gaztañaga (Zestoa) eta Erika Olaizola (Azpeitia).
- Bera eta Lesaka: Eñaut Castagnet (Bidart).