Euskal kulturgintzari bultzada emateko Udalbiltzak abian duen "Geuretik Sortuak" egitasmoan parte hartuko dute 26 sortzaileek. Tartean dira Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre herritarrak. Guztiak euren sorterritik kanpo Euskal Herriko beste udalerri batean egonaldia egiteko aukera izango dute hilabeteotan, aipatu egitasmo honen beka deialdiari esker. Eta egonaldi horietan sortze lan bana bideratuko dute. Gaur aurkeztu du Udalbiltzak Oiartzunen sortzaile hautatuez inguratuta. Joan etorrion artean, Usurbilen ere bisitari bat izango dugu uztailean; Itxaro Borda idazle baionarra.
"40 urtez herri horretan ibiltzen naizela eta berehala pentsatu dut etxean izango nintzela", gure artean hala sentituko dela adierazi digu. Uztailaren 5etik 25era egingo du egonaldia Bordak Usurbilen. Badu zertaz idatzia, gaurko Udalbiltzaren agerraldian nabarmendu duenez, "baina ez naiz seguru ideia horiek Usurbilen garatuko ditudan. Besterik ere etorriko zait Usurbilgo jendearekin egonez".
Herri honen kultur arloko izaera sortzailea goraipatu du. Gogoan hartu ditu Artze, Zumeta, Mikel Laboa, eta ziur da inspirazio iturri izango direla berarentzat. Baita inguruotako paisaia ere. "Asko maite dut paisaia, natura", ingurune honekin, leku ezberdinekin harremanduta, "hortik idatziko dut". Aipamena egin dio Zubieta gainari ere. "Jakin berri dut biziki hurbil egongo naizela Zubietako erraustegitik, pixka bat beldurtzen nau baina esan didate ez dela arazorik", adierazi du umoretik. Aipatu duenez, irudipena izan du "joango naizela egun bat Jakoba Errekondoren baratzean lan egitera harekin, nik ere maite baitut baratza egitea".
"Gure egunerokotasunetik aterako gara"
Sinbolismo hori guztia "motxilan sartuta" etorri asmo du Itxarok uztailean Usurbila. Udalerri honetan biziko duen horretatik, "biziko dudanari fidel izanez" idatzi nahi du. "Ez dakit oraindik zer aterako den. Ez dakigu sekula, hori egunerokoa. Artikulu, poema edo nobela bat hastean ez dakigu zer aterako den, ez dakigu ere bukatuko dugun".
Hortxe du erronka berria, ezohikoa nabarmendu duenez. Bereziki orain, 14 hilabeteko pandemiaren ostean. "Egia da idazle baten egunerokoa, konfinatua izatea dela. Bere bakartasunean idaztea, atera pixka bat, kafe bat hartu". Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoari esker, "gure egunerokotik aterako gara. Ezagutzen ez dugun herri edo hiri batera joango gara, eta hor bizita seguru naiz zerbait sortuko dela". Jada harremanetan den Usurbilgo Udalari eta Udalbiltzari "eskerrak bihotz bihotzez" emanez amaitu du bere hitzartzea. "Plazer handi bat hautatua izatea".