Sagardo Eguna etxetik

Iganderako bizilekuak girotu eta argazkiak partekatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 10:01

Badator bigarrenez, ohiko plaza giroan jendartean ospatu ezingo dugun Sagardo Eguna. Gogoan izan egin diren deialdiak; batetik, etxe atariak, balkoiak... apaintzekoa. Eta etxetik txotx eginez, unea iruditan bildu eta partekatzeko gonbita.

Bigarren urtez jarraian, igandean (maiatzak 23) plazako postu artean ospatu ezingo dugun Sagardo Egunerako bi deialdi. Batetik, Sagardo Egunaren Lagunak taldeak eginikoa; bizilekuak, balkoiak, etxe atarian apaintzeko gonbita, iaz baliaturiko materiala berrerabilita. Eta osasun neurriak errespetatuta, eguna etxetik ospatzeko deia.

Ezohiko Sagardo Egun hau nola biziko duzuen iruditan ere jaso nahi genuke NOAUA!n. Horretarako zuen argazkiak hedabide honekin partekatzeko gonbita luzatzen dizuegu. Egin beharrekoa oso erraza da; herriko sagardoa erosi bertako saltokietan edota zuzenean Usurbilgo sagardotegiei. Igande honetan, maiatzaren 23an, sagardo botila batekin txotx egiten agertzen zareten unea argazki batean bildu eta sare sozialetan partekatu, #usurbilgosagardoeguna edo #sagardoeguna traolak erabilita.

SAGARDO EGUNAREN LAGUNAK TALDEKOEN OHARRA
Kaixo lagunok!
Izugarrizko gogoa genuen aurtengoan gure herriko plaza horrela ikusteko, baina tamalez, egungo osasun egoera dela medio, ezinezkoa da horrelakorik antolatzea.

Aurtengo honetan ere zuen etxeetan ospatzera animatzen zaituztegu ordea, jantzi balkoiak lehengo urtean banatu genituen eta gorde zenituzten plastikoekin, atera maindire txuri bat eta trapu gorriren batekin atondu, atara armairutik baserritar jantziak, ireki sagardo botila eta egin TXOTX! Ez gaitzala egoerak atzera bota eta ospa dezagun Usurbilgo Sagardo Eguna, ahal den moduan eta beti ere osasun neurriak zainduz.

Ez dezagun ahaztu inoiz... Usurbildarrak daukate... sagardo... alkate.

Datorren urtean inoiz baino kementsuago itzuliko gara!

Gora Usurbilgo Sagardo Eguna!