Koronabirusa

Asteburuan erantzukizunez jokatzeko deia egin du Udalak

Covid19ak Usurbilen duen hedapena gutxitzen doala dirudien arren, erantzukizunez jokatzeko deia egun du Usurbilgo Udalak, usurbildarrentzat hain seinalatua den asteburu honetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero kaleratzen duen txosten epidemiologikoaren arabera, covid19ak Usurbilen duen 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 237,79raino murriztu da azken 24 orduotan. Koronabirusa gurean 300etik beherako intzidentzia izatera heldu denez, eremu laranjatik horira igaro da udalerri hau. 

Datu ofizial hauen arabera, covid19aren hedapena gutxitzen doala dirudi. Horregatik hain zuzen, asteburuan erantzukizunez jokatzeko deia egin du Usurbilgo Udalak. Bereziki, bizi dugun osasun krisialdian egongo ez bagina ospatuko litzatekeen Sagardo Egunean. Igande honetan, maitzaren 23an alegia. 

Sagardo Egunaren Lagunak eginiko deialdia, plazan ospatu ezingo den sagardo festa, osasun neurriak errespetatuta etxetik bizitzeko gonbita alegia "begi onez hartu du Udalak".

Elkar zaintza, txertorik eraginkorrena
Iazko martxotik sarritan errepikatu duen mezua gogora ekarri nahi du Udalak, usurbildarren egun seinalatu honi begira. "Joka dezagun arduraz: elkar zaintza da txertorik eraginkorrena". 

Covid19aren intzidentzia murrizten doala dirudien arren, Udalak ohartarazi duenez, "pandemiak bere horretan jarraitzen du, eta hari aurre egiteko neurriek indarrean jarraitzen dute (maskara erabiltzea leku ireki zein itxietan, gehienez 6 lagun elkartzea, gune itxietako edukiera arauak, eta abar)".

Orain arteko ildotik, herritarrek erakutsitako erantzukizun maila berdinarekin jokatzen segitzeko deia egin du Udalak asteburu honetan ere. “Herritarrek erantzukizun handiz jokatu dute orain arte, eta asteburu honetan ere, usurbildarrontzat hain seinalatua eta berezia den honetan ere, berdin jokatzeko deia egin du Udalak, guztion osasuna zaintzeko”.