Urbil merkatalgune pareko bide zati bat itxita izango da hurrengo asteotan. Bide zati hau, jakin dezazuen, aipatu merkatalguneko gasolindegitik Txikierdi aldera gatozela, autobus geltokira heltzeko biragune ingurukoa da, Eman lantegi parekoa. Ondoko argazkian duzue zonaldea.
Astelehen honetan, maiatzaren 24an ixtekoak dira aipatu bide zati hau. Bi edo hiru astez egongo omen da itxita, goizeko 8:30etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte. Adi beraz.
Bidegorriko lanen esleipena
Handik gertu, bide kontuei lotutako bigarren albistea. Gipuzkoako bidegorri sarea zabaltzera doa Foru Aldundia. Sare horri Txikierdi Lasarte-Oriarekin lotuko dituen bi ardatz batuko zaizkio etorkizunean. Diputazioak bideok eraikitzeko lanak esleitu dituela berri eman du Usurbilgo Udalak. Zehazkiago aipatuta, bideetako batek Oria ibai ertzetik, Urbil merkatalgunearen azpialdetik barrena joko luke Lasarte-Oriara. Besteak, Txikierditik Oria ertzetik zuzen baita, Michelindik barrena, mugakide dugun udalerri erdiguneraino.
Lanak "gutxi barru" hastekoak dituztela adierazi du Usurbilgo Udalak. "Construcciones Otegui Gaztañaga SL -ri esleitu dizkio lanak, 386.785,27 euroan, eta 20 asteko epean egingo ditu, aurreikuspenen arabera".