Ez zen sagardo posturik, ezta jende uholderik, ezta jai girorik ere. Sagardo egarria zuenak bestelako alternatibaren baten aldeko apustua egin behar izan zuen. Igande goizeko 11:30etan herriko plazak zuen itxura duzue ondoko argazkietan. Kanpai hotsekin batera, bizi dugun osasun krisialdian egongo ez bagina, frontoi inguruan, herri osoan mundu bat batuko zen, irekiera ekitaldian eta segidan, postutik posturako "erromesaldian".
Bai, igande honetan zen ospatzekoa Sagardo Eguna. Bigarren urtez jarraian ordea, ez zen ospakizunik egiterik izan, ez behintzat, ohiko moldean, jendartean eta plazan. 11:30etan herriko txistulariek egin zioten gorazarre, 2019. urtera arte frontoiko oholtzatik hasiera ematen zioten ekitaldiari. Goizean herrian barrena eginiko kalejirari segida eman zioten gero.
Ezustea eguerdian heldu zen; herriko zanpantzar talde bat herrian barrena ikusi genuenean. Sagardo Egunik gabeko igande eguzkitsua gogotik girotu zuten. Herrian barrena eginiko kalejirak ikusmina piztu zuen.
Gainerakoan, jendea tabernetako terrazetan, edo paseoan, beste igande bat balitz bezala. Sagardo Egunari gorazarre egiteko plan alternatiborik ez zen falta izan ordea. Denak, 2022an, hirugarrenean bai, usurbildarren festa kuttunena plazan ospatzeko esperantzan.