Abian jada, ostiralean gure artera helduko den Gipuzkoako pentsiodunen bizikleta martxa

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 24a, 11:17

Irudiaren egilea: Errenteriako Hitza.

Goizean abiatu dute Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak antolatuta, murrizketarik gabeko pentsio publiko duinen alde herrialdea zeharkatuko duen bizikleta martxa.

Pentsio, soldata eta bizi duinen alde, Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak antolaturiko bizikleta martxa goizean abiatu dute Oreretatik. Sei etapetan Gipuzkoako udalerriak zeharkatuko ditu eta helmuga, Donostian finkatua izango du larunbatean, pentsio publiko duinak babesteko estatu mailan eta Hego Euskal Herrian deitua dagoen mobilizazio egunaren baitan hain zuzen.

Gipuzkoa mailako bizikleta martxak Usurbil izango du geltokien artean. Tolosaldea, Goierri edota Deba bailarak zeharkatu ostean, ostiral honetarako iragarri duten bosgarren etapa, Deban hasi eta udalerri honetan amaituko da. Ostiral arratsaldeko 18:00etan egingo zaie harrera San Inazioko biribilgunean. Segidan, martxako kideak eta harrera egitera joandakoak, batera abiatuko dira frontoirantz. Frontoian ekitaldia iragarri dute.

Bizikleta martxako kideek gure artean egingo dute ostiraletik larunbaterako tartea. Larunbat goizeko azken etapa udalerri honetatik abiatu, eta arratsaldean manifestazioa deitu duten Donostian amaituko da.

Protesta eguna
Pentsio publiko duinen alde, murrizketarik ez dutela onartuko adierazteko mobilizazio eguna deitu dute pentsiodunen mugimenduek estatu osoan maiatzaren 29rako. Baita Hego Euskal Herrian ere. Gipuzkoari dagokionez, hilabete honetako azken larunbatean manifestazioa antolatu du Gipuzkoako Pentsiodunak bilguneak; arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Donostiako Alderdi Ederretik.

Eskaerak
Oraindik orain betetzeke dauden eskaerak dira pentsiodunek behingoz betetzea eskatzen dutenak; 2011 eta 2013ko pentsio-erreformak eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea; aurtengo iragarritako murrizketa berriak eta Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko 1.200 euroko gutxieneko soldata exijitzea; erretiro aurreratua zigortu gabe onartzea; edota osasun zerbitzu publiko eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko eskubidea bermatzea.

Pentsio duinen aldeko bizikleta martxa
Etapen ordutegia (gutxi gorabeherakoa): 9:00-18:00.
Ibilbidea:
Maiatzak 24, astelehena: Errenteria-Tolosa.
Maiatzak 25, asteartea: Tolosa-Zumarraga-Urretxu.
Maiatzak 26, asteazkena: Zumarraga-Bergara.
Maiatzak 27, osteguna: Bergara-Deba.
Maiatzak 28, ostirala: Deba-Usurbil.
Maiatzak 29, larunbata: Usurbil-Donostia. Manifestazioa 17:00etan Alderdi Ederretik.

Usurbilen harrera
Maiatzak 28, ostirala
18:00ak aldera
harrera San Inazioko biribilgunean, bus geltoki ondoan.
Ondoren, ekitaldia frontoian.

Maiatzak 29, larunbata
Goizean,
bizikleta martxaren azken etapa Usurbildik Donostiara.
17:00 Manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik.

Antolatzailea:
Gipuzkoako Pentsiodunak.