"Foru Aldundiak hain modu nabarmenean urratu duen Bizikleta Bideen Planaren metafora dirudi"

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 25a, 11:27

Bidegorriari lotutako seinalea. Argazkiaren egilea: Eguzki.

Berez Donostia eta Mutriku lotu beharko lukeen bidegorria Luzuriagaino heltzen dela gogoraraztearekin batera, aipatu lantegi parean bidegorri proiektu honen berri ematen zuen seinalea kendu dutela salatu du Eguzkik, NOAUA!ra helarazitako argazki eta gutun honen bidez.

Luzuriaga inguruan ateratako ondoko argazkia helarazi dio Eguzkik NOAUA!ri. "Donostia-Mutriku bidegorria. Errekalde-Lasarte 1,34 km" dioen Gipuzkoako Foru Aldundiaren kartela hesitutako une batean zokoratua ikusten da. Argi dioen bezala, Donostian hasi eta Mutrikuraino heldu behar lukeen bidegorria dela adierazten zuen. "Eusko Trenen lan batzuk egiten hasi zirela eta, kartela kendu egin zuten", adierazi dio NOAUA!ri gutun bidez aipatu talde ekologistak.

Kendu egin zuten eta azken egunotan, "zoko batean baztertuta aurkitu" zuten. Eguzkiren esanetan, "Foru Aldundiak hain modu nabarmenean urratu duen Bizikleta Bideen Planaren metafora dirudi".  EuskoTren egiten ari den lanak amaitu ostean, "kartela lehengo lekuan jartzeko eskatuko dugu, bertan egon dadin, bere xumean, bete gabeko aginduen monumentu salatzaile gisa".

Eguzkik gogorarazi duenez, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak bizikletaz Donostiatik Mutrikura heltzeko bidegorri bat eraikitzea aurreikusi eta "guztiz bukatuta ez baina oso-oso aurreratuta egon behar" lukeen arren, "Luzuriagaraino baino ez da iristen. Mutrikutik urruti, oso urruti". 


Aldundiak zeharo urratu duen Bizikleta Bideen Planaren metafora
Donostia eta Mutriku bitartean bidegorri bat aurreikusten du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak. Bidegorri horrek gaur egun guztiz bukatuta ez baina oso-oso aurreratuta egon beharko luke. Alabaina, norbait Donostian bidegorrian pedalei eragiten hasten bada Mutrikurantz… Usurbileraino baino ez da iritsiko, edo, hobeto esan, Luzuriagaraino. Izan ere, bidegorria Usurbilgo kaskoraino bertaraino iritsiko balitz, gaitz erdi; baina ez, Luzuriagaraino baino ez da iristen. Mutrikutik urruti, oso urruti. Eta, hala ere, han, Luzuriagan, orain dela gutxi arte kartel batek harro-harro iragartzen zuen: “Donostia-Mutriku bidegorria”. Eusko Trenen lan batzuk egiten hasi zirela eta, kartela kendu egin zuten, baina lehengoan zoko batean baztertuta aurkitu eta argazki hau atera genuen. Foru Aldundiak hain modu nabarmenean urratu duen Bizikleta Bideen Planaren metafora dirudi. Eusko Treneko lanak bukatutakoan, kartela lehengo lekuan jartzeko eskatuko dugu, bertan egon dadin, bere xumean, bete gabeko aginduen monumentu salatzaile gisa.

Eguzki, 2021eko maiatza