Nola zaindu eta zainduak izan nahi dugun, zainketaz hausnartu eta hitza hartzeko aukera izango da aurrerantzean, Usurbilgo Udalak bideratuko duen parte hartze prozesuan. "Muina landuko duen" talde eragilea osatu eta lanean da jada. Udalak helarazitako ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan, aste hasiera honetan, talde eragile hau lehen aldiz bildu da Potxoenean. Guztira 20 laguneko taldea, "zaintzak profesionalki zein pertsonalki bizi dituzten herritarrak eta erakundeak" tartean.
"Zaintza ertz guztiak barne hartu ditu talde horrek. Tartean dira zaintzaile profesionalak (zentroetan zein etxe partikularretan lan egiten dutenak), familiako zaintzaileak, zaintza lanetara dedikatzen diren enpresak, Usurbilgo komunitatearen ordezkariak, zaintza zerbitzuetako erabiltzeak, Emagin taldea (prozesuan ikuspegi feminista bermatzeko) eta erakundeetako ordezkariak (udal ordezkari tekniko zein politikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Matiakoak)", Udaletik zehaztu dutenez.
Udalak berri eman duenez, hilero, hilean behin bilduko dira, uztailean eta abuztuan izan ezik. "Lehenengo bilera elkar ezagutzeko baliatu dute, batik bat, eta, ondoren, talde txikietan egin dute lan, zaintza kontzeptuaz pentsatzean bakoitzari burura zer datorkion konpartituz. Atzoko bileran ateratakoak eta Matiak beste herrietan izan dituzten esperientzietan zer antzekotasun izan ziren hausnartu zuten, amaitzeko".
Talde eragile honen saioez gain, herritar gehiagok parte hartzeko aukera ere izango dutela iragarri du Udalak.