Bizikleta martxa Usurbilerantz

Murrizketak indargabetu eta eskaerak bermatzeko deia, Usurbilerantz datozen Gipuzkoako pentsiodunek

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 26a, 10:41

Ostiralean helduko dira Usurbila, astelehenaz geroztik herrialdea bizikletaz zeharkatzen ari diren Gipuzkoako pentsiodunak. Larunbaterako Donostian deitua duten manifestazioaren bezperatan, murrizketarik gabeko pentsio publiko duinen aldarria herriz herri zabaltzen dabiltza, tokian tokiko eragileekin elkarlanean.

Astelehenaz geroztik bidean da pentsio publiko duinen aldeko bizikleta martxa. Asteazken honetan (maiatzak 26) hirugarren etapa dute eta Urola Garaitik barrena ibiliko dira. Gogoan izan, ostiralean helduko dira Usurbila. Bosgarren etapa Deban abiatu eta udalerri honetan amaituko dute. 18:00ak aldera egingo zaie harrera San Inazioko biribilgunean eta handik frontoirako bidea elkarrekin egiteko deia egin du ekimen honen antolatzaile Gipuzkoako pentsiodunen bilguneak. Gero frontoian ekitaldia deitu dute.

Biharamunean (hilak 29), azken etapari Usurbildik ekingo diote Donostiarantz. Pentsio, lan eta bizi duinen alde mobilizatzeko eguna izango da maiatzaren 29koa Hego Euskal Herrian eta baita estatu espainiarrean ere. Gipuzkoari dagokionez, 17:00etan manifestazioa deitu dute Donostiako Alderdi Ederretik.

"Prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen"
Bizikleta martxa, larunbateko manifestazioa girotzeko baliatu nahi du Gipuzkoako pentsiodunen herri mugimenduak. Hitzorduotan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. "Onartezina da hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea eta Pentsio Publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea".

Murrizketen bidean sakontzen jarraitzen dela salatzen dute, "erreformek bere horrekin jarraitzen dute eta murrizketak berriei ateak irekitzen dizkie". Horregatik, ohartarazten dutenez, "Pentsio Publikoen Sistema bermatu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, pentsioak murriztu eta murrizketa berriak errazten ditu. Lan eta pentsio erreformak indargabetu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen dira".

Larunbateko mobilizazio egunaren bidez, EAE-ko nahiz estatuko erakundeei "gure aldarrikapenak bermatzea" eta "indarrean dauden murrizketak eta ezarri nahi direnak berehala indargabetzea" eskatu nahi dute.

Osasun zerbitzu eta zerbitzu soziosanitarioak, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak
Jada ezaguna den pentsiodunen eskaeren zerrenda honakoa da eta argi diote; "gobernatzen duenak gobernatu, pentsio publikoak defendatu. Pentsio, soldata eta bizitza duinak gizon eta emakumeentzako. Aukera berdinak guztientzako". Honako hauek:
-2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea.
-2021erako iragarritako murrizketa berriak eta Escrivá jaunak sustatutako Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea.
-Gutxieneko pentsioa 1080 euro eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.200 euro.
-Soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako.
-Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea.
-Pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko. Era berean, pertsona garen aldetik bizi-baldintza duinak izateko dugun eskubidea osasun- eta soziosanitario-zerbitzuekin ere lotuta dago, eta, horregatik, eta gure osasuna bermatzeko, mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak. 



Pentsio duinen aldeko bizikleta martxa
Etapen ordutegia (gutxi gorabeherakoa): 9:00-18:00.
Ibilbidea:
Maiatzak 24, astelehena: Errenteria-Tolosa.
Maiatzak 25, asteartea: Tolosa-Zumarraga-Urretxu.
Maiatzak 26, asteazkena: Zumarraga-Bergara.
Maiatzak 27, osteguna: Bergara-Deba.
Maiatzak 28, ostirala: Deba-Usurbil.
Maiatzak 29, larunbata: Usurbil-Donostia. Manifestazioa 17:00etan Alderdi Ederretik.

Usurbilen harrera
Maiatzak 28, ostirala
18:00ak aldera
harrera San Inazioko biribilgunean, bus geltoki ondoan.
Ondoren, ekitaldia frontoian.

Maiatzak 29, larunbata
Goizean,
bizikleta martxaren azken etapa Usurbildik Donostiara.
17:00 Manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik.

Antolatzailea:
Gipuzkoako Pentsiodunak.