"Bertsoaren harria" emanaldia ekainaren 6an Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 27a, 08:21

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak eta Koldo Izagirre idazlea Sutegin batuko dituen "Bertsoaren harria" emanaldia antolatu du Usurbilgo Udalak ekainaren 6an. Hitzordurako izen ematea zabalik da usurbilkultura.eus atarian. Hemen dituzue xehetasunak.

"Bertsoaren harria"
Eguna: ekainak 6, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Hernaniarrek badakite Txirritaren harria, Txirritaren bustoa daukatela Ereñotzun. Ba ote dakite Errenterian Xenpelarrek zuhaitz bat daukala? Errenteriarrek bai, badakite. Baina ba ote dakite Bilintxen burua, dagokion harri ederra, alegia, Donostiako hilerrian dagoela? Leitzarrek badakite, noski, Lasarteren burua daukatela herrian bertan, baina ba ote dakite Nafarroaren beste puntan, Luzaiden, Bordel bertsolariaren bustoa dagoela? Zenbat aldiz egon ote gara Bilbon Balendin Enbeita ikusi izan gabe, Arriaga antzokitik hurbil eta Areatza plazako kioskotik hurbilago dagoen eskulturan? Bertsoaren harria proiektuak gure ondare material eta immaterialaren zati garrantzitsua diren artelan horiek dena ezagutaraztea du helburu.

Koldo Izagirrek dagokion herriko pertsonaiari buruzko hitzaldia eskainiko du —Udarregiri buruzkoa Usurbilen— , eta hitzaldiarekin batera Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak gidatuko ditu saio librean".


Edukiera: 78 lagun.
Izen ematea: ekainaren 4ra arte doan, usurbilkultura.eus atarian.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.