Larunbateko mobilizazioen atarian, bizikleta martxa antolatzeko pausoa eman duzue. Nolatan?
2019ko abenduaren 12an Gasteizera joan ginen EAEko hiru lurraldeetatik eta orduan ere Gipuzkoatik martxa bat oinez egiteko asmoa genuen Gasteizera. Bertan behera geratu zen. Oraingoan bizikleta martxa antolatzea erabaki dugu, gizartea eta batez ere eragileak, erakunde sindikalak eta mugimendu sozialak aktibatzeko beharra ikusi dugulako; indarrak metatu eta hilaren 29ko manifestazioa arrakastatsua izan dadin. Azken manifestazioetan atxikimendu ugari izan ditugu, baina gero parte hartze hori ez da hainbestekoa izan. Mugitzeko beharra ikusten dugu, eraso handia datorrelako etorkizunean. Aurreko pentsio erreformak indarrean daude eta berriak iragartzen ari dira.
Pentsio, soldata eta bizi duinen aldarriak indartu ditu pandemiak.
Izurrite honek erakutsi du publikotasunak duen garrantzia, eta gizarteak behar duen babesa publikotik etorriko dela. Merkatuak ez du inolaz ere bermatzen jendearen babesa. Neoliberalismoak eta merkatuak ez die erantzuten gizartearen nahi, behar eta interesei. Horrek norabide aldaketa bat beharko luke eremu askotan. Osasun zerbitzu publikoan murrizketak egin eta egin izana faktorea izan da gero osasun krisi honetan. Zaintza pribatizatzen nola joan diren ikusi da; egoitzak esku pribatuetara pasa dira eta nahiz eta publikoak izan, kudeaketa hori pribatutik egiten da. Hor sartu dira enpresak, funts putreak… Eta horiek negoziorako egiten dute. Zaintzaren eredua eredu atzeratu bat da, ez du balio. Makrozentro horiek eta horiekin batera, pribatizazioaren bidean egin diren murrizketak… Egoiliarrak zaintzeko langile oso gutxi daude, langileak denbora izatea eskatzen ari dira. Larriena da halere ez zaiola horri aurre egiten eta lehen bezala funtzionatzen ari garela, zaintzari dagokionean.
Lehengora bueltatu edo lehengoari eusteko saiakera argian.
Eta hori eremu askotan gainera. Berriz ere oztopo berarekin topatuko gara. Gizartean halako hausnarketa behar da sektore guztiekin, etorkizuneko gizartearen lerro batzuk lantzeko.
Bereziki pentsiodunen mugimenduak ordezkatzen duen kolektiboa izan da erasotuena izurrite honetan. Nola eragin du?
Argi dago adineko jendearengan eragin izugarria izan duela izurriteak. Hildako asko eta asko adinekoak dira. Sektore hau erasotu du gehienbat eta horrek eragin zuzena izan du. Beldurra zabaldu da jendartean. Halere, iazko martxoaren 14an etxean sartu gintuzten, baina ekainaren 1ean jada kalean geunden eta orduz geroztik atera gara nahiko duin, neurri guztiak hartuta, bilera telematikoak egin ditugu… Mugitzen jarraitu dugu. Mugimendua batez ere herriko batzarretan dagoela ikusten da, baina ez da hasierako mugimendu hura. 2021eko urtarrilaren 15ean bete genituen hiru urte, urte asko dira, eta izurriaz aparte horrek ere badu eragina. Horregatik ikusten dugu garrantzitsua sektore guztien arteko saretze edo aliantza bat, bakoitzak bere autonomia eta nortasunetik batzen gaituzten aldarriak aurrera eramateko; gure pentsioetan garrantzia handia baitute, lan baldintzek, lan erreformek… Denak du harremana; gazteak nola dauden, lan erreforma horiek bideratzen dituzten lan partzialek. Mugimendu feministak ere bai. Gutxieneko pentsio miseriazkoa duten gehiengoa emakumezkoak dira. Zergatik ez dute kotizatu? Etxeko zaintza egin behar izan dutelako.
Donostiako manifestazioan aldarri guztiok islatu nahiko dituzue, egungoetan baina etorkizuneko bizi baldintzetan ere izango duten eragina.
Gehiena etorkizunekoei, gaur egunekoei ere bai. Hego Euskal Herrian 250.000 lagun daude 600 euro inguruko pentsioekin eta gehienbat emakumezkoak dira. Erretiroa 67 urtera atzeratzeko erabakia indarrean dago. Bizi itxaropena zigortzen duten jasangarritasun faktorea hor dago, horrek pentsioa jaitsiko du. Pribatizazioaren bidetik jo nahi dute, funts putreak sartu nahi dituzte negozioa egiteko. Datorkigun panorama da pentsio sistema publikoa deuseztea eta pribatizaziora bideratzea. Eta pentsioak asistentzia maila oso pobreak direnentzat uztea.
Bizikleta martxarekin zer nolako dinamika bideratu asmo duzue herrietan?
Sei etapa dira; ahal dugun herri guztietatik pasa eta jendearengan eragitea. Herri askotan ditugun batzarrak ari dira prestatzen harrera, kartelak, logistika guztia (non bazkaldu eta lo egin…). Giro bat sortu eta beste sektoreekin ekimenak elkarlanean egitea nahi genuke. Gu ere zirikatzeko akuilua izatea.
Eta aldaketarako.
Hori behar beharrezkoa da, aldaketa, eraldaketa maila guztietan. Gure eremua oso garrantzitsua da. Agian gazteei urrutiko errealitatea dela irudituko zaie, baina ez, honek nolabait markatuko du norabidea. Hemen gure eskubideen, bizitzaren alde egiten ez badugu, hilda gaude. Larunbateko Donostiako manifestaziora jendea erruz etortzea nahi genuke eta nolabait urrats handi bat izatea. Udazkenean ere etorriko da beste ekinaldi handi bat, urte honen amaiera guztiontzat oso garrantzitsua izango dela ikusten baita.
Bizikleta martxarekin bat egin dezake edonork?
Nahi denean edonor sartu daiteke. Pentsiodunen ikurrak eta sinboloak eramango dira. Manifestazioan erakunde sindikal eta sozial bakoitzak bere pankarta eta aldarriak eraman ditzake. Larunbateko manifestazioan eta bizikleta martxan parte hartzea eskertuko genuke.
Harrera ostiralean
Aste hasieratik bidean da murrizketarik gabeko pentsio publiko duinen alde Gipuzkoako pentsiodunak mugimenduak herrialdean barrena antolatu duen bizikleta martxa. Ostiraleko etapa Usurbilen amaituko da harrera ekitaldi batekin eta azkena, larunbatekoa udalerri honetatik abiatu eta Donostian deitua duten manifestazioarekin amaituko da. Maiatzaren 29a mobilizazio eguna izango baita Hego Euskal Herrian baita estatu espainiarrean ere.
Bizi baldintza duinen alde
Oraindik orain betetzeke dauden eskaerak dira pentsiodunek behingoz betetzea eskatzen dutenak; 2011 eta 2013ko pentsio-erreformak eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea; aurtengo iragarritako murrizketa berriak eta Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko 1.200 euroko gutxieneko soldata exijitzea; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea; ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako; erretiro aurreratua zigortu gabe onartzea; edota osasun zerbitzu publiko eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko eskubidea bermatzea. Baita “mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak”.
Urteotan sarritan errepikatu duten mezu honekin laburbiltzen dute eskaera zerrenda. “Gobernatzen duenak gobernatu, pentsio publikoak defendatu. Pentsio, soldata eta bizitza duinak gizon eta emakumeentzako. Aukera berdinak guztientzako”.
Bizikleta martxaren ibilbidea
Maiatzak 24, astelehena: Errenteria-Tolosa.
Maiatzak 25, asteartea: Tolosa-Zumarraga-Urretxu.
Maiatzak 26, asteazkena: Zumarraga-Bergara.
Maiatzak 27, osteguna: Bergara-Deba.
Maiatzak 28, ostirala: Deba-Usurbil.
Maiatzak 29, larunbata: Usurbil-Donostia.
Usurbilen harrera
Maiatzak 28, ostirala
18:00 Harrera bizikleta martxako partaideei, Donostia alderako autobus geltoki ondoko San Inazioko biribilgunean. Elkarrekin frontoirako bidea.
Ondoren, ekitaldia frontoian.
Maiatzak 29, larunbata
Goizean, bizikleta martxaren azken etapa Usurbildik Donostiara.
17:00 Manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik.
Antolatzailea: Gipuzkoako Pentsiodunak.