Azken ostirala gaur, presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 07:44

Maiatzeko azken ostirala gaur, hilak 28. Presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia Euskal Herri luze zabalean. Hilero moduan, Sarek deituta, elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Albiste honi atxikitako irudian duzue, maiatzaren 8an Andatzara eginiko mendi martxa. Euskal Herriko 650 mendi tontorretan eginiko bilkuretako bat da Usurbilgoa, presoen auzia konpontzea xede duen "Izan Bidea" dinamikaren baitan, larunbat hartan 650 mendi tontorretara Sarek antolaturiko mendi martxetako bat. Guztira, 15.000 lagun batu zituen ekimen bateratuak.

Presoen etxeratzeko bidean fase berri bat abiaraztera doala berri eman du egunotan Euskal Herri mailako Sarek. Uda partera begira, Gipuzkoan eskualdez eskualde "ekimen eta mobilizazio maratoia abiatuko du, bi astean behin eskualde bati egokituz eta hurrengoari testigua pasaz". Amaiera, abuztuaren 21ean Donostian egingo den Gipuzkoa mailako martxarekin. Lehenago, uztailaren 22etik 24ra, aurreko urteen ildotik, Hego Euskal Herria zeharkatuko duen bizikleta itzulia antolatu dugu. 

Irailetik urrira, dinamika gehiago iragarri ditu Sarek, Araban, Bizkaian eta Nafarroan. "Ibilian-Ibilian etxerako bidean" izeneko dinamika hau, urriaren 23an Donostian borobildu asmo dute mobilizazio orokor batekin.

Informazio gehiagorako: sare.eus