#udalbatzarra

Artzabalgo tabernako eta Eguneko Zentroko kudeaketa kontratuen luzapena

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 11:05

Artzabalgo tabernaren eta Kalezarko Puntapax Eguneko Zentroaren kudeaketa kontratuak urtebetez luzatzea onartu du udalbatzak, ostegun honetako osoko bilkuran.

Orain arteko kudeatzaileek segiko dute lanean Gure Pakea Elkarteak Artzabalen duen egoitzako tabernan eta Kalezarren, Haur Eskolaren eraikin berean kokatua dagoen Puntapax Eguneko Zentroan. Bai behintzat beste urtebetez, beste 12 hilabetez kontratua luzatzea erabaki diote udal taldeek ostegun honetan eginiko osoko bilkuran, Artzabalgo tabernako kudeatzaileari. 2016an sinatu zuen bost urterako esleipen kontratua, urtez urte beste 5 urtez luzatzeko aukerarekin. Lehen luzapena aplikatu diote kontratuari, datorren ekainaren 6tik 2022ko ekainaren 5era arte.

Beste hainbeste Puntapax Eguneko Zentroaren kasuan ere. Orain arteko kudeatzaile berak izango ditu lanean, GSR enpresakoak. Kasu honetan 2018ko otsailaren 14an hiru urterako esleipen kontratua sinatu zuten, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Lehen luzapena aplikatzea adostu dute, 2022ko otsailaren 13ra arte.

Erakusketa berria Artzabalen
Iñaki Arrillaga oriotarraren erakusketatxoa ikusteko aukera izango duzue asteotan Artzabalgo tabernan. "Arraunean munduan zehar" izeneko bildumak, "arrauneko ilustrazioak, estilo minimalista batez eginak eta munduko toki ezagunetan kokatuak" biltzen ditu. Sortzaileak zehaztu duenez, "ordenagailuz landuta daude, teknologia berrienak erabiliz. Aurpegiak eta gorputzak era minimalistean eginak dira: irudi sinpleak erakusten dituzte eta asko zaintzen dute gorputzaren kokapena eta postura, arraunketaren edertasuna eta gogortasuna islatzeko". Ikusgai eta salgai izango dituzue asteotan.