Zubietako erraustegia

Udalaren helegitea, erraustegian industria hondakinak tratatzeko Jaurlaritzak emandako baimenari

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 12:40

Zubietako erraustegian industria hondakinak tratatzea baimenduko lukeen Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztekoa da Usurbilgo Udala ostiral honetan. Onartuko ez balitz, epaitegira jotzeko asmoa dute.

Duela urtebete, 2 langile erahil zituen hondamendi gune bilakaturiko Zaldibarko zabortegiko errealitatea Zubietako erraustegira ekartzea saihestea. Xede horrekin helegitea aurkeztekoa zen ostiral honetan Usurbilgo Udala, Eusko Jaurlaritzak Zubieta gainean industria hondakinak tratatzeko emandako baimenaren aurka. "Zaldibarren gertatukoari ateak itxi nahi dizkion helegitea" dela nabarmendu zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ostegun honetan egindako udalbatzarrean. 

Otsaila hasieran Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak hedabideetan eginiko iragarpenaren harira dator Udalaren helegitea. Urtebete lehenago behera etorritako Zaldibarko zabortegira garraiaturiko industria hondakinak beste norabait eramateko asmoez mintzatu zen. Egun batzuk beranduago, otsailaren 12an Ingurumen Baimen Bateratua eguneratzen du Eusko Jaurlaritzak hondakinak Zubietako erraustegian tratatu ahal izateko. Erabaki horren aurkakoa da Udala gaur aurkeztekoa den helegitea. Ebazpena "nulotzat jotzea" eskatzen dute. Alkateak ohartarazi duenez, "onartuko ez balitz, epaitegira jotzeko erabakia du Udalak".

"Ebazpena ez dago nahikoa arrazoitua"
Ebazpen horretan aipatu baimenean txertaturiko berrikuntza honek "aldaketa esanguratsurik ez" dagoela dio Jaurlaritzak. Baieztapen horrekin ez dator inolaz ere bat Usurbilgo Udala; baiezkoan da, funtsezko aldaketa bat onartu dutela.

Legeak dioena ekarri zuen gogora. Aldaketa ez funtsezkotzat jo liteke, baimeneko aldaketak "isuriak aldatu edo murrizten dituenean". Aldiz isuriak handitzea bai, funtsezko aldaketa litzateke, herritarrengan edo ingurumenean "eragin nabarmena izan badezake". Eta horixe litzakete Udalaren esanetan, Zubietako erraustegiaren kasua, "jatorri industrialeko hondakinak erraustu nahi direlako, tartean, arriskutsuak direnak". NBE-ren arabera "minbizi sortzaileak" izan eta "gehigarri kimiko oso arriskutsuak" dituzten plastikoak esaterako. 

Erraustegia hiri hondakinak tratatzeko eraiki eta martxan jarria egonda, "mota honetako hondakinak tratatu eta erretzen hasi nahi badira" bai, "bagaude funtsezko aldaketa baten aurrean", Solaberrietak zioenez. "Kautela legearen printzipioa aplika" dadila eskatzen dute.

Udalak baditu helegite hau aurkezteko argudio gehiago ere. 2018ko Europako hondakinen zuzentarauaren arabera, industria hondakinen tratamenduen kudeaketa pribatua da. Hiri hondakinen kudeaketa aldiz publikoa. Honenbestez, "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ez du eskumenik hondakinok kudeatzeko". Hauek argudioetako batzuk, helegite hau aurkezteko "arrazoi gehiago badira" alkatearen esanetan. Ebazpena aldiz bere esanetan, "ez dago nahikoa arrazoitua".