Pentsio publiko duinen aldarria Usurbildik Donostiako manifestaziora eraman dute

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 29a, 12:34

Murrizketarik gabeko pentsio publiko duinen aldeko mobilizazio astea larunbat arratsalde honetan borobilduko dute Gipuzkoako pentsiodunek Donostian. Ostiralean Usurbila heldu ostean, goizean Oiardo Kiroldegitik abiatu den bizikleta martxako azken etapa hiriburura ailegatu ostean.

Herrialdea zeharkatu ostean, ostiralean bizikleta gainean gure artera heldutako Gipuzkoako pentsiodunek Oiardo Kiroldegian lo egin dute. Goizean abiatu dira bertatik azken etapan Donostiarantz. Usurbil, Santuenea eta Zubietan barrena hedatu dute pentsio publiko duinen aldeko aldarria. 

"Prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen"
Bizikleta martxa, larunbateko manifestazioa girotzeko baliatu nahi izan du Gipuzkoako pentsiodunen herri mugimenduak. "Onartezina da hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea eta Pentsio Publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea".

Murrizketen bidean sakontzen jarraitzen dela salatzen dute, "erreformek bere horrekin jarraitzen dute eta murrizketak berriei ateak irekitzen dizkie". Horregatik, ohartarazten dutenez, "Pentsio Publikoen Sistema bermatu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, pentsioak murriztu eta murrizketa berriak errazten ditu. Lan eta pentsio erreformak indargabetu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen dira".

Larunbateko mobilizazio egunaren bidez, EAE-ko nahiz estatuko erakundeei "gure aldarrikapenak bermatzea" eta "indarrean dauden murrizketak eta ezarri nahi direnak berehala indargabetzea" eskatu nahi dute.

Osasun zerbitzu eta zerbitzu soziosanitarioak, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak
Jada ezaguna den pentsiodunen eskaeren zerrenda honakoa da eta argi diote; "gobernatzen duenak gobernatu, pentsio publikoak defendatu. Pentsio, soldata eta bizitza duinak gizon eta emakumeentzako. Aukera berdinak guztientzako". Honako hauek:
-2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea.
-2021erako iragarritako murrizketa berriak eta Escrivá jaunak sustatutako Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea.
-Gutxieneko pentsioa 1080 euro eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.200 euro.
-Soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako.
-Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea.
-Pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko. Era berean, pertsona garen aldetik bizi-baldintza duinak izateko dugun eskubidea osasun- eta soziosanitario-zerbitzuekin ere lotuta dago, eta, horregatik, eta gure osasuna bermatzeko, mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak.