Kultur Bira

"Kultura hauspotu nahi eta behar dugulako, aurten ere bueltan da Kultur Bira"

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 31a, 10:25

Ekainaren 11n abiatuko den Usurbilgo Kultur Bira girotzeko albiste honi atxikia duzuen bideoa kaleratu dute antolatzaileek. Iazko hainbat kontzertu ere sarera igotzen hasiak dira. Datorren asteburuan ezagutuko dugu ziklo oparo honen egitaraua.

Adin tarte nahiz zaletasun guztiei zuzenduriko eskaintza oparoarekin bueltan dator 2021eko Kultur Bira. Birak hobekiago esanda, aurten auzo-herria ia denetako Jai Batzordeek ere bat egin baitute ekainean hasi eta uztailera arte luzatuko den zikloarekin. Herri eragile anitz batu dira orohar, iaz abiarazitako lanketatik, aurtengoan ere ospatu ezingo diren betiko festak eta ohiko jai eredua irauliko duen ziklora.

Kultura biran Usurbilen abiatuko da datorren ekainaren 11tik uztailaren 18ra. Adi, asteburu honetan ezagutaraziko dituzte xehetasunak, etxez etxe banatuko duten liburuxkan. Iaz bezala, gustuko ekitaldia hautatu eta usurbilkultura.eus plataforma baliatu beharko da sarrerak eskuratzeko. Iazko prozedura bera baliatuko dute antolatzaileek. Aipatu atarian izena eman ahalko da. Ekitaldi bakoitzaren aurretik egingo da sarreren esleipena. Sarrerak arduraz kudeatzeko deia egin du antolakuntzak.

Usurbil eta Kalezarko birak ekainean
Adi, ekainaren 11n abiatuko da Usurbilgo Kultur Bira. Kalezarrek berea egingo du, 2019ra arte antolatu izan zituen San Joan jalen egunetan, ekainaren 23tik 27ra. Bira bakoitzak egitarau propioa izango du, ekitaldietan izena eman nahiz sarrerak eskuratzeko prozedura propioa, eta usurbilkultura.eus atarian ere txoko propioa. 

Datorrenaz girotzen hasteko ondoko bideoa kaleratu dute Kultur Bira prestatzen ari diren herri eragileek. Albiste honi atxikia duzuena hain zuzen. "Gure herria, auzoak, kulturgintzaz zipriztintzeko elkarlanerako batu gara aurten ere. Kultura hauspotu nahi eta behar dugulako, aurten ere bueltan da Kultur Bira", iragartzen digute adin nahiz Usurbilgo herri nahiz auzoetako hainbat herritarrek. Iazko estreinako edizioko irudiekin hornitu dute ikus-entzunezko laburra.

Kultur Birak Youtuben duen kanalean duzue ikusgai. Horrekin batera, iaz bizitakoa gogoratu eta datorren bigarren ediziorako prestatzen hasteko, duela urtebete izandako hainbat ekitaldi, streaming bidez zuzenean eskaini zituztenak zintzilikatzen ari dira plataforma berean. Ameba eta Odolaren Mintzoa herriko taldeen kontzertuaz goza dezakezue jada.



2021eko USURBILGO KULTUR BIRAK
Berritasuna: Kultur Birak pluralean, Usurbilen eta pandemia aurretik jaiak antolatzen zituzten jaietan.
Parte hartuko duten eragileak: Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Jai Batzordeak, Xauxar Txosna Batzordea, NOAUA! K.E., Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea edota Ziortza Gazte Elkartea.

Birak:

-Lehen birak: Kalezarko eta Usurbilgo Kultur Birak.
-Hurrengoak: Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Kultur Birak.

Usurbilgo Kultur Bira
-Epea: ekainak 11-uztailak 17.
-Tokiak: Artzabalgo frontoia eta Udarregi Ikastolako patio borobila. Eguraldi onarekin Udarregi Ikastola pareko zelaia.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, astebete lehenago etxez etxe banatuko dute egitaraua.

Kalezarko Kultur Bira
-Epea: ekainak 23-27.
-Tokia: Kalezarko plazako karpagunea.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, auzoko postontzietan banatuko dute egitaraua. Herri osoan NOAUA! nahiz  usurbilkultura.eus bidez ezagutaraziko da.

Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus 
Oharrak:
-Usurbil eta Kalezarko Kultur Birak garai berean egokituko direnez, bi eremu berezitu izango ditu usurbilkultura.eus atariak, bateko zein besteko ekitaldietan izen emateko.
-Ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago sarreren zozketa.
-Zozketaturiko sarrerak nortzuei egokitu zaizkien email bidez jakinaraziko da.
-Ekitaldi guztiak une horretako osasun krisialdiari lotutako egoerara egokituko dira. 

Kultur Bira sarean:
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/

Antolatzaileak: Usurbilgo herri eragileak eta Udala.