Koronabirusa

Establezimenduen itxiera eta jardueren amaiera ordua gauerdira arte luzatzea erabaki du Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 31a, 18:28

Beste bi orduz atzeratuko da ostalaritza guneak ixteko ordua, baita kultur jarduerak amaitzekoa ere, gauerdira arte. Hala erabaki berri du Eusko Jaurlaritzak. Asteartean plazaratu eta asteazkenetik (ekainak 2) aurrera 20 egunez indarrean izango den dekretu berriaren nondik norakoak aurkeztu ditu.

Estatu alarma egoera indargabetu eta etxeratzeko agindua ezabatu zenetik, edonora eta edonoiz mugitu gaitezke, baina 22:00etan finkatua zegoen ostalaritza guneak edota kultur jarduerak amaitzeko ordutegia.

Beste bi orduz zabaltzea erabaki du orain Eusko Jaurlaritzak. Bizi dugun osasun krisialdiari aurre egiteko LABI aholku batzorde tekniko eta zientifikoak astelehen honetan eginiko bileran, ostalaritza establezimenduen itxiera edota jardueren amaiera ordua gauerdira arte atzeratzea erabaki du. Ez da Gasteizko gobernuak erabaki duen aldaketa bakarra. Astearte honetan argitara eman, eta asteazkenean (ekainak 2) indarrean jarriko duen dekretu berriak garraio zerbitzuen amaiera ere gauerdira arte luzatzea baimenduko du. 

Beste zenbait neurri murriztaile ere arinduko dira. Batetik aire zabalean egiten diren kirol jardueretan ez da pertsona kopuru mugarik izango. Bestalde, 10 lagunera artekoak izan ahalko dira aisialdiko taldeak; baita aire libreko erakusketetan eta gune turistikoetan egiten ohi diren bisitak.

Neurriok 20 egunez gutxienez indarrean izango dira, hiru astez alegia. Tarte horretan aldaketarik ez bada, epe hau igarota egoera epidemiologikoa zertan den berrikusiko du Eusko Jaurlaritzak. 

Hobekuntza moteldu da
Covid19ak eragindako osasun krisialdiak hobera egin duelako erabaki du Jaurlaritzak neurriok malgutzea. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, azken asteotan 546tik 208ra murriztu da intzidentzia metatua, 375 kasutik 67ra murriztu da 65 urtetik gorakoen artean, 568tik 162ra gutxitu da okupatutako oheen kopurua, ZIU-koa 195 ohetik 97ra, hildakoak 49tik 18ra gutxitu dira. 

Eta txertatuen kopuruak gorantz egin du; %10etik %27ra (506.000 pertsona) bi dosiak dituzten herritar kopurua; %50ak jada (936.000) dosi bat jarria du.

Halere azken egunotan, covid19 kasuen murrizketa moteldu dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. "Adierazleek geldialdi bat egon daitekeela ohartarazten dute", adierazi du lehendakariak. Eta honenbestez, ziurgabetasuna handiagoa izango da asteotan. Horregatik, Urkulluren esanetan, "itxaropena eta zuhurtzia uztartu behar ditugu". Pazientzia eskatu du beste behin, eta ezinbestekotzat jotzen segi ditu orain arte norbera babesteko zeuden prebentzio neurriak; musukoa, eskuen garbiketa, burbuilak, segurtasun distantzia...

Egoera epidemiologikoak hoberanzko bidean segiko balu, eta intzidentzia metatua 150etik beherakoa izatera helduko bagina, Eusko Jaurlaritzaren Biziberri III planaren 2. fasera igaroko ginateke. Eta orduan bai, neurri aringarri gehiago aplikatuko lituzketela berri eman du Jaurlaritzak. Besteak beste: establezimenduen jarduerak 1:00ak arte baimentzea, aforoak handitzea hainbat eremuetan, elkarte gastronomikoen irekiera mugatua...