Abisu horian egunotan "prezipitazio haundiagatik"

Noaua Aldizkaria 2021eko maiatzaren 31

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara prezipitazio handiagatik aste hasiera honetan.

Abisu horian izango gara aste hasiera honetan "prezipitazio handiagatik". Hala ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentzia. Astelehen honetan, 18:00etatik gauerdira, eta asteartean (ekainak 1), 12:00-00:00 artean, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatu daitezke EAEko zenbait lekutan. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake, bereziki barnealdean. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan ditzakegu".

Astelehen honetan Usurbilen, "arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak bota ditzake. Egun amaieran haizea hego-ekialdetik finkatuko da, ahul-bizia. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira".

Asteartean (ekainak 1), "goiz-lanbroa. Zerua partez hodeitua egongo da, tarteka oso hodeitsu, batez ere egunaren bigarren zatian, bero-hodeiekin. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, bereziki egunaren bigarren partean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Asteazkenean (ekainak 2), "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta gauerako zerua oso hodeitsu geldituko da. Egunaren bigarren zatian zaparrada txiki-ertainak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, goizean ipar-osagaitik finkatuko da, ahul-bizia. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus