Abisu horian

Gaur ere ekaitz giroa izan dezakegu

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 1a, 08:31

Astelehenean bezala, gaur ere (ekainak 1), ekaitz giroa izan dezakegu. Abisu horian izango gara Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, arratsaldeko 15:00etan hasi eta 21:00ak arte.

Aspaldi ez bezala argitu dute tximistek, bart bizi izan dugun gaua. Ekaitz giroa izan dugu. Trumoi hots eta tximista artean joan zaigu. Abisu horian izan gara eta astearte honetan ere berriz egoera beretsuan egongo omen gara. Hala dio behintzat, Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Arratsaldeko 15:00etan hasi eta 21:00ak arte abisu horian izango gara, duela 24 ordu bezala, "prezipitazio handiagatik". 

"Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatu daitezke EAEko zenbait lekutan. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan ditzakegu", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. 

Giro honetan, Usurbilen, astearte honetan (ekainak 1), "zerua hodeitsu egongo da. Ekaitz-giroa nagusi, baliteke zaparradak handiak eta txingorrarekin batera botatzea. Goizean hego-haizea ibiliko da, arratsalde-gau partean noraezean, bolada gogorrekin ekaitz-eremuetan. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira, azken orduetan neurtuko dira; maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Bihar (ekainak 2) euri kontuak; "zerua hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin, eta egunaren amaieran euria egin lezake. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Ostegunean, (ekainak 3), "goibel, egunaren lehenengo partean euria egingo du ziurrenik. Azken orduetan zaparrada trumoitsuak bota litzake. Ipar-haizea. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus