Kultur Bira

Iazko Kultur Bira oroitzen, aurtengoa girotzeko

Ate joka dugun Kultur Biraren bigarren edizioa girotzeko, iazkoa gogora ekartzen hasiak dira antolatzaileak. Iaz antolatu eta grabaturiko hainbat kontzertu sarera igotzen hasiak dira. Ameba eta Odolaren Mintzoa herriko taldeen emanaldiak ikusgai dituzue jada.

Sortzaileak, kulturgileak eta kulturzaleak biran jarriko dituen iazko ekimen arrakastatsuaren bigarren edizioa ate joka dugu; badator Kultur Bira, asteotan antolatzaileek nabarmendu moduan, Kultur Birak. Aurtengoan auzoetako hainbat jai batzordeek ere bat egin dute eta ekainaren 11n abiatuko den kultur zikloarekin. 

Girotzen hasteko, zer hobeto iazkoa oroitzea baino; Kultur Biraren antolatzaileek, iazko hainbat kontzertu sarean zabaltzen ari dira. Gogoan izango duzue; iaz streaming zerbitzua erabili zuten, ekitaldietara joan ezin zutenek pantaila bidez hitzorduok zuzenean bizitzeko. Tartean, ziklo honen baitan ospatu ziren hainbat musika emanaldi. Ameba eta Odolaren Mintzoa herriko taldeek eskainitako kontzertuak ikusgai dituzue Youtuben, "Usurbilgo Kultur Bira" orrialdean.

Bolondres bila
Aurten ere covid19ak eragindako osasun krisialdiaren eraginez, bigarren urtez segidan ez dugu 2019ra arte ezagutu genituen moduko festarik izango. Baina iaz landu eta alternatiba gisa martxan jarritako eredu alternatibo honen aldeko apustua egin du Usurbilgo herriak. Udala eta herri eragile hainbat elkarlanean jarri dituen ekimena prestatzeko lanetan dabiltza.

Asteburuan ezagutuko dugu Kultur Bira orokorreko egitaraua. Hortik aurrera, iaz bezala, sarrerak usurbilkultura.eus plataforma bidez eskuratu ahalko ditugu. Txartelak arduraz kudeatzeko deia egin dute antolatzaileek. Baita laguntzeko gonbita luzatu ere; bolondres sarea osatu nahi dute, iaz bezala, aurtengo ekitaldietan ere osasun krisialdiaren harira ezarritako prebentzio arauak zorrotz betetzeko. 

2021eko USURBILGO KULTUR BIRAK
Berritasuna: Kultur Birak pluralean, Usurbilen eta pandemia aurretik jaiak antolatzen zituzten jaietan.
Parte hartuko duten eragileak: Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Jai Batzordeak, Xauxar Txosna Batzordea, NOAUA! K.E., Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea edota Ziortza Gazte Elkartea.

Birak:

-Lehen birak: Kalezarko eta Usurbilgo Kultur Birak.
-Hurrengoak: Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Kultur Birak.

Usurbilgo Kultur Bira
-Epea: ekainak 11-uztailak 17.
-Tokiak: Artzabalgo frontoia eta Udarregi Ikastolako patio borobila. Eguraldi onarekin Udarregi Ikastola pareko zelaia.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, astebete lehenago etxez etxe banatuko dute egitaraua.

Kalezarko Kultur Bira
-Epea: ekainak 23-27.
-Tokia: Kalezarko plazako karpagunea.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, auzoko postontzietan banatuko dute egitaraua. Herri osoan NOAUA! nahiz  usurbilkultura.eus bidez ezagutaraziko da.

Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus 
Oharrak:
-Usurbil eta Kalezarko Kultur Birak garai berean egokituko direnez, bi eremu berezitu izango ditu usurbilkultura.eus atariak, bateko zein besteko ekitaldietan izen emateko.
-Ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago sarreren zozketa.
-Zozketaturiko sarrerak nortzuei egokitu zaizkien email bidez jakinaraziko da.
-Ekitaldi guztiak une horretako osasun krisialdiari lotutako egoerara egokituko dira. 

Kultur Bira sarean:
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/
-Youtube: Usurbilgo Kultur Bira
-E-posta: usurbilgokulturbira@gmail.com
Antolatzaileak: Usurbilgo herri eragileak eta Udala.