Joan zen urtean ez zuten Festibala ospatzeko aukerarik izan osasun egoera medio, baina aurtengoan 25. urteurrena ospatzeko izango da festa Irisarrin. Chill Mafia, Ruper Ordorika, Potato, Kuartz eta Torheit taularatuko dira, besteak beste, eta artista gehiago ere izan daitezke oholtzan. Programazioan antzerkia, zirkua edota dantza ikusgarriak ere tarteko izango dira. Horien artean, Hatz(a)marka kantu eta antzerki ikuskizuna; Pirritx, Porrotx eta Mari Motots; Tio Teronen semeak dantza taldea; Andoni Ollokiegi bakarlaria…
Irisarriko Ospitalean tailer, hitzaldi eta mahai inguru andana antolatu dituzte, hausnarketa eta eztabaidarako. Bost gai nagusi landuko dituzte: artearen funtzioak, etxebizitzaren arazoa, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta EHZren 25. urteurrena. Horrez gain, eraso sexisten aurkako tailerrak ere egingo dituzte.
“EHZ topagune, saretze eta sozializatzeko espazio bat izatea nahi dugu”, jakinarazi dute antolatzaileek, euskara komunikatzeko eta harremantzeko hizkuntza gisa lehenetsiz. Sarrerak ehz.eus webgunean egongo dira eskuragarri 35€ren truk. Egunez eguneko sarrerak ere laster jarriko dituzte salgai.
Osasun-egoeraren ondorioz, festibalera sartu ahal izateko osasun agiriren bat aurkeztu beharko da: 48 orduko tartean eginiko PCR proba bat edo txertatuta egotea baieztatzen duen agiria. Datorren astetik aurrera, festibalean laguntzaile lanetan aritzeko izen ematea martxan jarriko dute.