Kultur Bira

Asteburuan ezagutuko dugu udako kultur zikloaren egitaraua

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 10:18

Aste amaiera honetan plazaratu asmo dute antolatzaileek, ekainaren 11tik uztailaren 18ra izango dugun Usurbilgo Kultur Birari buruzko informazioa jasoko duen liburuxka.

Labetik ateratzear dute; ezagutzear gara ekainaren 11tik uztailarekn 18ra luzatuko den Usurbilgo Kultur Bira orokorraren egitaraua. Antolatzaileek aste honen amaieran etxez etxe banatzea aurreikusia dute. Albiste honi atxikitako argazkian duzue iazko estreinako edizioaren harira kaleratu zuten liburuxka. Aurtengoa aipatu moduan eskuratzear gara; ekitaldiei buruzko xehetasunak edota informazio praktikoa tartekatuko ditu.

Antolakuntzak NOAUA!ri aurreratu dionez, adin tarte guztiei zuzenduriko ekitaldiak izango dira; kontzertuak, bertso saioa, haurrentzako jarduerak, Herri Kirolen Eguna... Laster ezagutuko ditugu xehetasunak. Aipatu beharra dago, herriko sortzaile nahiz kirolarien alde antolakuntzak eginiko apustua. Etxekoen parte hartzea lehenetsi dute abiatzear den Kultur Biran.

Neonaren kontzertua ere sarean
Gogoan izan bestalde, girotzen hasteko, iazko Kultur Biran grabatutako kontzertuak sareratzen hasiak dira antolatzaileak. Odolaren Mintzoa eta Ameba herriko taldeenak ikusgai dituzuela berri eman dizuegu egunotan. Azken orduotan, Neona taldearena (garai bateko Natali) ere zintzilikatu dute, Youtubeko "Usurbilgo Kultur Bira" orrialdean.

Bolondres bila
Kultur Birarako laguntzaileak beharko dituzte. Bolondres sarea osatu nahi dute, iaz bezala, aurtengo ekitaldietan ere osasun krisialdiaren harira ezarritako prebentzio arauak zorrotz betetzeko. 

Sarrerak arduraz kudeatzeko deia
Iaz bezala, sarrerak usurbilkultura.eus plataforma bidez eskuratu ahalko ditugu. Txartelak arduraz kudeatzeko deia egin dute antolatzaileek.

2021eko USURBILGO KULTUR BIRAK
Berritasuna: Kultur Birak pluralean, Usurbilen eta pandemia aurretik jaiak antolatzen zituzten jaietan.
Parte hartuko duten eragileak: Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Jai Batzordeak, Xauxar Txosna Batzordea, NOAUA! K.E., Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea edota Ziortza Gazte Elkartea.

Birak:

-Lehen birak: Kalezarko eta Usurbilgo Kultur Birak.
-Hurrengoak: Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Kultur Birak.

Usurbilgo Kultur Bira
-Epea: ekainak 11-uztailak 17.
-Tokiak: Artzabalgo frontoia eta Udarregi Ikastolako patio borobila. Eguraldi onarekin Udarregi Ikastola pareko zelaia.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, astebete lehenago etxez etxe banatuko dute egitaraua.

Kalezarko Kultur Bira
-Epea: ekainak 23-27.
-Tokia: Kalezarko plazako karpagunea.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, auzoko postontzietan banatuko dute egitaraua. Herri osoan NOAUA! nahiz  usurbilkultura.eus bidez ezagutaraziko da.

Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus 
Oharrak:
-Usurbil eta Kalezarko Kultur Birak garai berean egokituko direnez, bi eremu berezitu izango ditu usurbilkultura.eus atariak, bateko zein besteko ekitaldietan izen emateko.
-Ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago sarreren zozketa.
-Zozketaturiko sarrerak nortzuei egokitu zaizkien email bidez jakinaraziko da.
-Ekitaldi guztiak une horretako osasun krisialdiari lotutako egoerara egokituko dira. 

Kultur Bira sarean:
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/
-Youtube: Usurbilgo Kultur Bira
-E-posta: usurbilgokulturbira@gmail.com
Antolatzaileak: Usurbilgo herri eragileak eta Udala.