Ucinek Udalaren aurka aurkezturiko administrazioarekiko auzi errekurtsoa otsailaren 9ko udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren harira dator. Ucinen jarduera baimena eguneratu beharra zegoen. Ingurumen Baimen Bateratua eguneratzeko Eusko Jaurlaritzak zehazturiko baldintzak zorroztea erabaki zuen Udalak, tokiko erakunde honek dituen "eskumenak baliatuz".
Baldintza berriak, neurri zorrotzagoak finkatzea eskatzen zion Udalak aipatu lantegiari. Eusko Jaurlaritzak lantegi honetatik airera isurtzen den partikula bat neurtzeko betebeharra ezartzen zion; Udalak aldiz "lau partikula ezberdin uneoro neurtzeko betebeharra".
Demandatu bezala bertaratzeko ediktua
Horren aurrean, "Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2021eko otsailaren 9an hartutako erabakia" errekurritzea erabaki du Ucinek. "Bertan jarduera baimena eguneratzen da nekazaritza eta ingurumen teknikariak ezarritako hainbat baldintzen baitan".
Asteazken honetako (ekainak 2) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarki hau argitaratu du Usurbilgo Udalak: "Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioaren Legeak 49.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, bertaratze ediktua argitaratzen da, interesduna kontsidera daitekeen oro demandatu bezala bertaratu ahal izateko, bederatzi eguneko epean aipaturiko Epaitegiaren aurrean".
"Kezka partekatua"
"Arrazoiak ez ditugu ezagutu". Dakitena da, epaitegitik espedientea igortzeko eskaera jaso dutela. Abokatua eta prokuradorea izendatu behar izan ditu Usurbilgo Udalak, Ucin lantegiak aurkeztu dion administrazioarekiko auzi errekurtsoari erantzuteko. "Penaz hartu dugu erabakia", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak iragan asteko udalbatzarrean. Aurreko udal gobernu taldeen antzera, egungoa ere sarritan bildu dela zioen Osinalde industriagunean kokatua dagoen lantegiarekin. Elkarlanerako deia egin arren, "isiltasuna jaso dugu".
Errekurtso honen aurrean, udal gobernu taldetik maiatzaren 27ko udalbatzarrean adierazten zutenez ordea, "neurriak hartzea ezinbestekoa" iruditzen zaio kutsadura murrizteko, are gehiago, herrian "kezka sortzen duen gaia" izanik. Alkateak osoko bilkuran bat egin zuen kezka horrekin. "Kezka partekatua" da.
Are gehiago bizi dugun ezohiko testuinguru honetan. "Pandemiak agerian utzi duen krisietako bat" baita baita udal gobernu taldearen esanetan, krisi ekologikoa. Klima aldaketari aurre egiteko mundu mailako erronka betetzeko tokitik eragitea ezinbestekotzat jotzen du udal gobernu taldeak. "Ezinbestekoa da kutsadura murrizteko neurriak jartzea", herritarrak, enpresak eta Udala elkarlanean arituta. Bide horretan sakontzeko deia egin zioten Ucin lantegiari.
Airearen kalitateari lotutako azterketaren aurkezpena
Usurbilgo jarduera nagusiek airearen kalitatean duten eragina ezagutzeko Kataluniako UPC-ko unibertsitateko ikerlariek Udalaren enkarguz egina duten lana aurkeztuko dute ekainaren 29an 19:00etan Sutegiko auditorioan. Ekitaldira joateko aurrez eman beharko da izena, usurbilkultura.eus atarian.