Miren Ros:“Hitz egin dezagun beste gurasoekin eta adostu dezagun noiz erosiko diegun mugikorra”

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 16:19

Zarauzko Ikastolan hartutako bideari jarraiki, “Gure aukera, guk 16” proiektua jarri nahi dute martxan Udarregi Ikastolan. Gaztetxoei lehen mugikorra geroz eta lehenago ematen zaiela eta horren aurrean hainbat gurasok agertutako kezkari aurre egin nahi dion proiektua da Zarautzen martxan jarri dutena. 16 urte baino lehen nerabeek mugikorrik ez dutela behar uste dute proiektuan lanean ari diren dinamizatzaile eta partehartzaileek, eta hori hala izan dadin, erramintak emateaz arduratzen dira. Miren Ros zarauztarra ari da dinamizazio lanetan eta Udarregi Ikastolarekin harreman zuzenean.

NOAUA! “Gure aukera, guk 16” proiektua martxan daukazue Zarauzko ikastolan, eta Udarregi ere proiektu hau aurrera eraman nahian ari da. Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?

Miren Ros: Proiektuaren helburu nagusia helduongan kontzientziak piztea da, mugikorra tresna izugarri boteretsua dela jabetzea eta honen erabilera egokiaren alde hausnarketa bultzatzea. Batzuk pentsa dezakete mugikor eta tekonologiaren aurka egon gaitezkeela, baina hori ez da horrela: gu erabilpen oker baten kontra gaude. Ikusten dugunez, helduen artean erabilpen egokia ez da askotan ematen, eta gauzak horrela, nola erakutsiko diegu gure gazteei? Gu gara haien eredu. Hortarako hitzaldiak, kafe-tertuliak, bideoak… antolatzen ditugu, kontzientziazio gisa, eta bestetik, alde praktikoari ere heltzen diogu: gurasoen artean konpromisoak edo itunak bultzatuaz: gurasoak elkartu eta gure gaztetxoei lehenengo mugikor hori ahalik eta gehien atzeratzeko indarrak batu. Gure taldearen izena eta helburu praktikoa 16 urte arte mugikorrik ez erostea bada ere, hori epe luzerako erronka da; errealitatea zein den badakigu eta maila bakoitzera egokitzen gara.

 

Nola funtzionatzen ari da Zarautzen? Zeintzuk izan dira lortutako emaitzak?

Zarautzen, 2019ko apirilean hasi ginen, Salbatore Mitxelena Ikastolako 5 guraso gaiarekin oso kezkatuta geundelako. Bertan bideratzen ditudan Guraso Eskolatik atera zen taldea eta geroztik, izaera propioa du. Lehen aipatu bezala, bi ildo jarraitzen ditugu: alde batetik, kontzientziazio bidea eta bestetik, itunarena. Esan beharra dago, egun DBH1-ko ikasleak direla gure "0 belaunaldia" proiektu honetan. Bertako gurasoek mugikorra erostearen erabakia atzeratzeko konpromisoa hartu zuten eta egun, maila horretako mutil gehienek mugikorrik ez dute; horrek urtebeteko atzerapena esan nahi du eta hori lorpen handia da. Nahiz eta gure azken xedea 16 urterekin aurreneko mugikorra erostea gauza normaltzat jotzea den, pixkanaka pausoak ematea da garrantzitsua eta ahalik eta gehien atzeratzen joatea. Hobe 14 urterekin erostea 11rekin baino; hobe 13rekin 9rekin baino.

 

Beste herriren batean proiektua martxan jarri duzue? Nola ari da funtzionatzen?

Gure proiektuak oihartzun handia izan du eta beste herri eta ikastetxeetatik nondik norakoak ezagutzeko deia luzatu digute. Nire lanbidea formakuntza da, horretarako sortu nuen Bidelagun proiektua eta horren barruan, gai ezberdinen inguruan hitzaldiak eta formakuntzak ematen ditut. Mugikorren inguruan lehenago ere hitzaldiak ematen nituen eta orain, ekimen honen berri ematean, jendearengan interesa piztu da. Hernanin, esate baterako, ia herri osoa ari da inplikatzen; udaletik ere, sentsibilitate handia dago eta herri mailan gauzak antolatzen hasi dira. Tolosa, Oiartzun, Donostia, Legazpi, Antzuola, Durango, Ondarroa... herri pila hasi dira martxan. Azpeitian esate baterako, HHko gurasoek kezka handia azaldu dute txikitatik pantailen aurrean jartzen baitugu umeak eta hor gerorako hazia landatzen ari gara.

 

Guraso izatea ez da lan erraza, eta ikasgelan lehenengo nerabeari mugikorra ematean, gainontzekoengan kutsadura efektua sortzen du. 

Bai, hala da. Guraso izatea ez da erraza eta batzuetan oso zaila egiten zaigu gure haur eta gazteei mugak jartzea. Nik beti esaten dut mugikorra erosteko erabakia, "soziala" dela; nik nire alabari pijama bat erosten badiot, etxean geratzen den kontu bat da; baina mugikor bat erosten badiot, bere inguruan eragina izango du. Eta hortaz gurasook jabetu behar dugu. Egungo gizartean bakoitza bere "rollora" dijoala dirudi sarritan, "nik nire etxean nahi dudana egiten dut", baina gizartea hor dago, komunitatea hor dago eta gu parte gara. Askotan komunitate, auzolan hori faltan botatzen da.

 

Guraso asko benetan kezkatzen ditu seme edo alaba baztertua izateak azkena bada mugikorra izaten. Nola egin diezaiokegu aurre sentipen horri?

Inork ez du bere seme/alaba baztertua gera dadin nahi, noski ezetz. Arrazoi horregatik sortu genuen taldea, sentipen horri aurre egiteko. Erantzuna oso sinplea da: hitz egin dezagun beste gurasoekin eta adostu dezagun noiz erosiko diegun mugikorra. Gauetan ateratzen hasten direnean, ideia ona litzateke gurasoek ordu bera adostea denak batera bueltatzeko, ezta? bada mugikorra erosteko momentuarekin berdina egin dezakegu. Hala ere, ideia sinplea izan arren, ez da hain erraza aurrera eramaten. Esperientziak esaten digu oso garrantzitsua dela gurasoak elkartzea, dituzten kezkak elkarbanatzea. Askoz errazagoa da indarra taldean egiten badugu eta ez familia bakoitzak bere etxean; hor galdu dugu.

 

Datuak eta estatistikak egin dira haurren lehen mugikorraren adinaren gainean. Urtez urte adina beherantz doa, nola daude datuak gaur egun?

Badirudi gero eta lehenago erosten direla mugikorrak; kasu batzuetan jaunartzeetako opari garrantzitsuena da. Egia da herri eta ikastetxearen arabera, ohitura ezberdinak daudela eta datuek 12-14 urte bitartean kokatzen dute lehenengo mugikorraren erosketa. Adin baxuegia. Bestalde, haurrak 10 urterekin hasten dira Interneten sartzen, bere gurasoen mugikorretik edo etxean dituzten beste pantaila batzuk erabiliz. Gurasook ez baditugu kontrolak jartzen, edozer ikus dezakete gure haurrek; desegokiak diren edukiak oso eskura baitaude. Kasuak ezagutu ditut 11 urterekin bideo pornografikoak ikusi eta gero ezin lorik hartu ikusitakoarekin oso urduri eta ezin ulertuta. Gure txikiak babestu behar ditugu.

 

Zergatik saiatu behar genuke 16 urtera arte nerabeei mugikorrik ez ematen? Benetan arazo izan daiteke haur eta nerabeen garapenean horren goiz mugikorrak eskuratzea?

Neurologoek nerabeen burmuinari buruz hitz egiten dutenean, berreraikitzen ari dela esaten digute. Burmuinean garatzen den azken atala, bekoki-kortexa da eta horrek erregulatzen dituenak, besteen artean hauek dira: zentzua, ardura, irizpideak eta pultsioen kontrola. Nerabezaroan txorakeria asko egiten dira, biologikoki ezinezkoa egiten zaigulako guzti horri eustea. Pentsa dezagun orain, gu heldu bezala, nola eusten diogun adibidez menpekotasunari; irudikatu telebista ikusten gaudela, ondoan mugikorra dugula eta mezuak jasotzen ari denaren soinuak entzuten ari garela; zenbat denbora pasatzen da guk mugikor hori hartu arte? normalean, oso gutxi. Eta hori, gure burmuina, teorikoki behintzat, guztiz osatua dagoela kontuan izanda. Pentsatu nerabe baten kasuan, ezin dio horri eutsi. Oso tresna boteretsua da eta horren kontzientzia izan beharko genuke. Gainera, gailu horrekin egiten duguna (sare sozialak, jokoak...), gu ahalik eta denbora gehien lotuta egoteko sortua da. Ikaragarria da.

 

Zergatik da hain beharrezkoa gisa honetako proiektu bat sortzea? Gurasoek norbanako gisa ezin diote aurre egin “arazo” horri?

Ezinbestekoa da elkartu eta indarrak batzea. Norbanako gisa oso zaila da honi aurre egitea; esperientziak hala erakutsi digu. Familia bakoitzean tira-bira oso gogorra eta nekeza da; aldiz, familia bakoitzak beste familia askoren babesa duela ikusten eta sentitzen duenean, askoz errazagoa da borroka horri eustea. Guraso askok esan eta eskertu digute egin izan ditugun bilerak, tertuliak... Kontzeptuak, arriskuak eta zenbait hausnarketa egiteaz gain, oso baliagarria egin zaie beste gurasoen aurpegiak ikusi eta iritziak elkarbanatzea. Bakarrik ez daudela sentitzea. Bestalde, gaztetxoarentzat ez da hain larria mugikorrik ez izatea gelako gehienek ez badute; arazo bihurtzen da gehienek dutenean. Giltza hor dago: berdin edo antzera pentsatzen dugun gurasook indarrak batzea.