Herritarrek parte hartzeko hainbat aukera jarri dituzte mahai gainean. Boluntarioen sarea irekita dago. Boluntarioek hainbat modutara egin ditzakete ekarpenak: herritarrei elkarrizketak egiten, gudalekuen berreskuratze lanetan, erakusketaren gauzapenean... Bi astean behin elkartzen dira Memoriaren Bulegoan, udalak Artzabalen duen lokalean: bilera irekiak dira, hau da, nahi duenak eta nahi duenean parte har dezake bertan. "Proiektu herritarra dela azpimarratu izan dugu beti: herritik sortua eta herriarentzat. Hori dela eta, guretzat ekimenaren bizkarrezurra da parte-hartzea", azaldu du Aitor Azurki kazetariak eta ekimeneko sustatzaileak.
Martxoan ekin zion boluntario sareak lanari, eta ordutik hainbat elkarrizketa egin dituzte: "Grin handiko taldea dugu, oso gogotsu dagoena, eta herritarrei galdezka ari dena han-hemenka. Informazio ugari lortzen ari gara, oso interesgarria eta garrantzitsua izango diren datuak, ondorengo faseetarako. Eta noski, Usurbilen gertatu zena xehetasun gehiagoz jakiteko ere", azaldu du Aitzol Arroyo historialariak eta ekimenaren beste sustatzaileak.
Hilabete honetan informazio bilketa
Informazioa biltzen arituko dira ekainaren 25era bitartean, herritarren parte-hartzearen bidez. "Gerra garaiko testigantzak, objektuak, argazkiak edo egunkari zatiak dituzten herritarrei deia egiten diegu gurekin harremanetan jartzeko. Izan ere, askotan objektu batek istorio bat ezkuta dezake; argazki batek desagertutako pertsona baten pistaren bat, edo dokumentu batek gertatu zenaren xehetasun adierazgarririk eman ere", azpimarratu du Azurkik.
Zentzu horretan, objekturik ez, baina testigantza eman daitekeela gaineratu du Arroyok: "Gerta daiteke pertsona batzuek gerraren inguruko gertakariak jakin eta testigantza ematea, baina ez izatea objekturik. Eta alderantzizkoa ere izan daiteke. Gu irekita gaude kasu guztietara, eta denak aztertuko ditugu, noski". Lehenengo bilera bat egin ohi dute harremanetan jartzen diren herritarrekin, eta, ondoren, behar izanez gero, testigantza filmatu ohi dute herritarraren etxean edo Memoriaren Bulegoan.
Era berean, gogorarazi dute "memoriaren puzzlea" osatzera datozela, "norberak nahi duena esan ahal izango du, libreki eta inolako presiorik gabe. Herritarren parte-hartzea behar-beharrezkoa dugu proiektua aberasteko".
Proiektuaren logoa
Parte hartze fase honekin batera proiektuaren logoa ere aurkeztu dute Eneko Lizardi diseinatzaile eta marrazkilariak egina, hori izango baita hemendik aurrera leku guztietan erabiliko dutena: "Orain urte batzuk azken gudariei egindako omenaldian erabilitako logotipoan oinarritu gara, hor hasi baitziren lehen ikerketak egiten; Usurbilen gerraren inguruko lehen aztertze-hastapenak horiek izan baitziren. Hori dela eta, irudia gaurkotu eta berritu dugu", azaldu du Ion Martin usurbildarrak eta ekimenaren sustatzaileak.
Emakume eta gizon banak osatzen dute irudia. "Emakumea eta gizona, biak azalarazi nahi izan ditugu, emakumeek ere zeresana izan zutelako herrian. Baita bereak eta bi bizi ere. Hori ere presente egotea nahi izan dugu", dio Martinek.