Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo Taldearen idatzia

"Usurbil 0.0 hondakinen programa: esatetik egitera badago tartea"

Noaua Aldizkaria 2021eko ekainaren 3a

"Usurbil 0.0" egitasmoak urteotan egindako ibilbideaz balantzea egiten duen idatzia helarazi dio NOAUA!ri, Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo Taldeak. Aldizkarian formatu laburragoan kaleraturiko idatzia osorik duzue lerrootan.

Usurbil 0.0 hondakinen programa: esatetik egitera badago tartea

Usurbilek Gipuzkoako hondakinen arkitektura instituzionalean toki egokirik ez zeukala eta, Usurbilgo udalak hondakinak kudeatzeko eredu propioa bideratzeko azterketa integrala egiteari ekin zion 2016ko udazkenean. Azterketa horren emaitza da  “Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa”. “Gure buruarekin  zorrotzak  izan  nahirik, bat  ez, bi  zero jarri dizkiogu” esan zuen udal gobernuak programa hau aurkezterakoan. 2017ko ekainean udalbatzarrak onartu eta hurrengo 6 urteetarako bide-orria izateko helburua jasotzen du programak. Bere indarraldiaren erdia igaro denez (3 urte), bada garaia orain arte egindakoa zertan den ikusteko, eta jarritako helburuekin alderatzeko.

Programak jasotzen ditu 5 helburu nagusi eta horiek lortzeko 41 ekintza, 2017tik 2023ra bitartean gauzatzekoak. Aipagarriak dira baita programak  “planteamendu errealista eta egingarria mahai gainean jarrita” lorgarritzat dituen 6 zeroak: 0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe; 0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe; 0 hondakin biodegradagarri zabortegian; 0 hondakin erraustu; 0 hondakin ekonomia zirkularretik at; 0 defizit zerbitzuan.

Lehen helburua: 2023rako hiri hondakinen sorrera %10 murriztea, erreferentziako urtea 2015 hartuta. Bada, orain arte, hau da 2020 arte, hondakinen sorrera ez da batere murriztu: 2015ean, 3022 tona sortu ziren, eta, 2020an 3013 tona. Programatutako ekintza gehienak, prebentzio edo murrizketa lortzekoak badira ere, (41etik 27), hiru urte hauetan egitekoak ziren asko ez dira gauzatu: erabilera bakarreko poltsen inguruko araudia lantzea; erabilera bakarreko edalontzien debekua ekitaldi publikoetan arautu; komertzio eta industrietan prebentzioa sustatzeko 0.0 zigilu bat sortzeko araudia egin; elikagai xahutzea ekiditeko baliabideak landu; ontzi arinen sortzez besteko ordainketa aukera aztertu; buzoietara banatzen den publizitateari buruzko udal araudi bat landu. Ikusten denez, 2017tik 2020ra gauzatzekoak ziren ekintza garrantzitsu asko paperean gelditu dira, eta noski, hondakin kopurua ez da murriztu.

Bigarren helburua: Usurbilen sorturiko bio-hondakina herrian konpostatu eta erabiltzea.  2019rako, herrian biltzen den organikoaren %40a herrian tratatu eta lortutako konposta herrian bertan erabiltzea jasotzen du programako ekintza batek. Jakina denez, herrian bildutako organiko guztia GHKri ematen zaio, eta orain arte bederen, herrian bildutakotik ez da deus bertan konpostatzen. Herrian konpostatu eta erabiltzen den bakarra auto-konposta edo auzo-konposta egiten duten familiena da. Azken lerro honetan ere ez da sustapen kanpainarik egiten, ez da balorazio bilerarik egiten, ez da balorazio txostenik egiten,  beraz, ez da lortu familia gehiago erakartzea,  2015ean 693 familia ziren, eta 2020an 583 familia ari dira, hau da, bost urtetan 100 familia baino gehiagok utzi diote egiteari.  Usurbilgo eraikin publikoetako bio-hondakin guztia herrian konpostatzea jasota dago programako ekintzetan, baina guk dakigunez ez da hala egiten. Lerro honetako kasu deigarriena, ikastolako jangelaren ondo ondoan duela urte mordoa jarritako konpostatzeko etxolarena da, inoiz erabili gabe duela denbora bat kendu egin zen.

Hirugarren helburua: 2020 urterako hiri hondakinen %90a gaika biltzea. 2020an lortutako gaikako bilketa %86a izan zen. Hau da, 2015etik 2020rako bost urteko tartean, bi puntu hobetu da, 84tik 86ra. Kontua da, “0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe” helburu egingarri eta errealista bezala jaso arren, kaleak garbitzen dabilen makina garbitzaileak, hondakinak nahasian biltzen jarraitzen duela. Edo, errefusa biltzeko egunetan, kubo grisean nahasita ateratzen diren hondakin birziklagarriak, bildu egiten direla. Gainera, errefusa biltzeko egunetan kuboan beharrean, plastikozko poltsetan nahasita lurrean uzten direnak ere, bildu egiten dira. Kasu gehienetan, hondakinak bereiztu gabe eta poltsan ateratzen duenari, gaizki egiteaz gain, dohan ateratzen zaio eta ondo egiten duenak baino gutxiago ordaintzen du. Horrela jokatuz, araua betetzen ez dutenak saritzen dira, eta hura errespetatzen dutenak zigortzen. Urtea joan eta urtea etorri, jokabide oker hauek zuzentzeko ez da baliabiderik jartzen. Industrietan biltzen den errefusean ere, hondakin birziklagarri kopurua handia dela erakusten du 2020ko martxoan egindako azterketak: %32 birziklagarria zen, gehiena bio-hondakina.  Ondo bereiztu gabe nahasian ateratzen dutenentzako hiru aldiz gehiago ordaintzeko tasa egon arren, ia inoiz ez da aplikatzen, (20 kasutan 2020ean), eta kasu hauetan ere, gaizki ari direnak, ondo ari direnak bezala ordaintzen dute. Kezkagarria da azken datu hau, jakinda herrian biltzen den errefusa guztiaren %60ak (258 tona 2020an), industria eta komertzioetako jatorria duela.

Laugarren helburua: 2023an isurtzen diren hondakin inerteak (errefusa), gehienez ere %5 materia organikoa izatea. 2020an bildutako errefusa guztiaren %11a (49 tona) bakarrik izan zen inertea. Horrek adierazten du, gure herrian biltzen den errefusak, oraindik, materia organiko asko daramatzala nahasian. Lehen aipatu dugu, industrietan bildutako errefusa aztertu zenean, 2020ko martxoan, %22 materia organikoa zela azaltzen du azterketaren txostenak. Etxeetako errefusaren kalitateari buruz ezin dugu ezer askorik esan, azkeneko azterketa 2016an egin bait zen. Bost urtetan etxeetako errefusa ez aztertu izana, gure uste apalean, kudeaketa huts larri bat da. Zeroen artean, “0 hondakin erraustu” jasota badago ere, Zubietako erraustegira erregaia eramateko aukera ireki zutenetik, Usurbilgo udalak bertara eramaten du errefusa guztia. 2017ko apirilean, erraustegiaren obrak egiteko kontratuak sinatu zirenean, “ez diogu ez sosik ez hondakinik opa erraustegiari” zioen udal gobernuak. Iragarpen haiek sirena kantu hutsak zirela dirudi. Honela mintzo zaigu 2021ean: “orain sortzen dugun errefusa Zubietako errauste-plantara eramaten da”.

Bosgarren helburua: 2023an hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea. Usurbil 0.0 programaren txostenean jasota dagoenez, 2015ean zerbitzuaren defizita 227.000 €koa zen, eta 2020an defizita 338.000 €koa izan da. Helburura gerturatzen baino urruntzen ari gara. Jomuga defizita ezabatzea izanik, diru sarrerak igo eta kostuak murrizteko lerroak landu behar dira. Sarrerak igotzeko lerro bat, hondakinak gaizki bereiztuta ateratzen ari direnei dagokiena kobratzeko bitartekoak jartzea da, orain arte, bitarteko horiek ia aplikatu ez direlako, era injustu batean, ondo ari direnak baino gutxiago ordaintzen ari bait dira. Beste lerroa, industrietan errefusa birziklagarriekin nahastuta ateratzen dutenei, ordenantza fiskaletan jasota dagoen tarifa hirukoitza kobratzea da. Eta azkenik, sarrerak igotzeko, gaikako bilketa hobetuz gehiago bilduko liratekeen material birziklagarrien salmentatik (ontzi arinak eta paper kartoiak) lortutakoa legoke. Halere, defizita 0ra jaisteko gako nagusiak tratamendu kostuak murriztean daude. Bio-hondakina edo materia organikoa herrian baserri konpostaren bidez birziklatuz batetik, eta errefusa murriztu, inertizatu eta erraustegira beharrean inerteen zabortegira eramanez, kostuak asko jaitsiko lirateke.

Eta, azkenik, baina ez garrantzi gutxiagorekin, gardentasuna eta herri ekimenaren mesedetan, eskertuko genuke, Usurbil 0.0 programaren jarraipena egiteko sortu zen mahaia berriro abian jartzea, azkenekoz duela bi urte bildu zenez geroztik, geldirik bait dago.

Oharra: Nahi baino gehiago atzeratu zaigu balantze honen argitalpena. Joan zen otsailean eskatu genizkion udalari herriko hiri hondakinekin zerikusia daukaten hainbat informazioren agiriak. Hilabete luze bat itxaroten egon eta udalaren partetik inongo erantzunik jaso ez genuenez, Eusko Jaurlaritzako Informazio Publikoaren Sarbidearen Euskal Batzordera jo behar izan genuen. Aipatu batzordeak udalari egindako errekerimenduaren ondorioz, hiru hilabete pasata eskuratu dizkigu udalak eskatutako informazioen agiriak.

Errausketaren Aurkako Mugimendua

Usurbilgo Taldea