Kultur Bira

Datorren kultur zikloaren lehen zertzeladak

Ate joka dugun Usurbilgo Kultur Biraren egitaraua asteburuan banatuko dute etxez etxe, baina antolakuntzak jada lehen zertzeladak ezagutzera eman ditu sare sozialen bidez.

Aipatu moduan, sortzaile eta kulturzaleen plaza izango dugu Usurbilgoa, ekainaren 11n hasi eta uztailaren 17ra arte. Denetariko ekitaldiak izango ditugu. Antolaketa lanetara batu diren eragileek sare sozialen bidez argi utzi duten moduan, herriko sortzaileek izango dute lehentasuna hitzorduotan.

Bira ekainaren 11n hasiko dugu Orbeldi Dantza Taldearen emanaldiarekin; dantzari gaztetxoenek parte hartuko dute hitzordu horretan. Iñorkiñak taldeak ere kontzertua eskainiko du. Hasi bezala amaituko da zikloa, herriko beste musika talde baten kontzertuarekin; Floxbinekin. Zikloan zehar, Orbeldikoen haur eta helduen emanaldi gehiagoz gozatzeko aukera izango dugu, bakarrizketan ariko da Ugaitz Agirre. Mihise eta Neona taldeak kontzertuan ikusi eta entzungo ditugu. Txikienak sortze lanetan Kolore Festan, gazteek olinpiadetan parte hartzeko aukera izango dute eta artixtak iluntze berean bilduko dituzte Txokoalden, Aginagan eta skate parkean. Norberak lantzen duen arte diziplina partekatuko du publikoarekin. Sortzaileen antzera, Usurbilgo kirolariak herri kirol desafioan lehiatuko dira.

Herritarrak, etxekoak lehenetsiko dituen Kultur Biran sortzaile ezagunentzako lekua ere izango da noski. Amak, Bulego edota Puro Relajoren musika emanaldiak, Andoni Egañaren "Neretik" saioa, bertso gaua, Antton Telleriaren "Nekatutak" bakarrizketa saioa... eta gehiago iragarri dituzte.

Aipatu moduan, aste honen amaieran etxez etxe banatzekoak dira Usurbilgo Kultur Biraren egitarau zehatza jasoko duen liburuxka. 





2021eko USURBILGO KULTUR BIRAK
Berritasuna: Kultur Birak pluralean, Usurbilen eta pandemia aurretik jaiak antolatzen zituzten jaietan.
Parte hartuko duten eragileak: Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Jai Batzordeak, Xauxar Txosna Batzordea, NOAUA! K.E., Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea edota Ziortza Gazte Elkartea.

Birak:

-Lehen birak: Kalezarko eta Usurbilgo Kultur Birak.
-Hurrengoak: Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Kultur Birak.

Usurbilgo Kultur Bira
-Epea: ekainak 11-uztailak 17.
-Tokiak: Artzabalgo frontoia eta Udarregi Ikastolako patio borobila. Eguraldi onarekin Udarregi Ikastola pareko zelaia.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, astebete lehenago etxez etxe banatuko dute egitaraua.

Kalezarko Kultur Bira
-Epea: ekainak 23-27.
-Tokia: Kalezarko plazako karpagunea.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, auzoko postontzietan banatuko dute egitaraua. Herri osoan NOAUA! nahiz  usurbilkultura.eus bidez ezagutaraziko da.

Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus 
Oharrak:
-Usurbil eta Kalezarko Kultur Birak garai berean egokituko direnez, bi eremu berezitu izango ditu usurbilkultura.eus atariak, bateko zein besteko ekitaldietan izen emateko.
-Ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago sarreren zozketa.
-Zozketaturiko sarrerak nortzuei egokitu zaizkien email bidez jakinaraziko da.
-Ekitaldi guztiak une horretako osasun krisialdiari lotutako egoerara egokituko dira. 

Kultur Bira sarean:
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/
-Youtube: Usurbilgo Kultur Bira
-E-posta: usurbilgokulturbira@gmail.com
Antolatzaileak: Usurbilgo herri eragileak eta Udala.