Kultur Bira

Kultur Biraren egitaraua kalean

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 4a, 14:34

Labetik atera berri dute; etxez etxe banatzen hasiak dira, ekainaren 11n hasi eta uztailaren 17ra arte luzatuko den 2021eko Kultur Biraren egitaraua.

Belaunaldi ezberdinetako lau herritar sorkuntza diziplina ezberdinak irudikatzen, antolakuntza eredua goraipatzen. Ezinbestean, oraindik orain osasun krisialdiaren atzaparretatik libratu ez garen honetan, asteotan ere bete beharko ditugun prebentzio neurriak oroitarazten, eta herri bizitzaz gozatzerakoan, osasuna zaintzen segi beharko dugula ohartarazten.

Mezu guztiok. irudikatzen dituen azala du, labetik atera berri duten Usurbilgo Kultur Biraren liburuxkak. Etxez etxe banatzen hasiak dira ostiral honetan. Egunez egun, ekainaren 11n hasi eta uztailaren 17ra arte izango dugun kultur eskaintzaren berri emango digu. Elkarlanerako batu diren eragileen zerrenda islatzen du baita liburuxkak. Aurtengoan berrikuntza nabarmen bat, auzoetako jai batzordeek bat egin dute ekimen honekin.

Sarrerak plataforman
Ekitaldien iazko antolaketa ereduaren aldeko apustua egin dute berriz datozen asteotarako. Parte hartzeko plataforma bera baliatu beharko da; usurbilkultura.eus . Urratsez urrats egin beharrekoa azaltzen du liburuxkak. "Kultura hauspotu nahi eta behar dugulako, bueltan da Kultur Bira", iragarri dute antolatzaileek. 


Denetarik, denontzat
Aipatu moduan, sortzaile eta kulturzaleen plaza izango dugu Usurbilgoa, ekainaren 11n hasi eta uztailaren 17ra arte. Denetariko ekitaldiak izango ditugu. Antolaketa lanetara batu diren eragileek sare sozialen bidez argi utzi duten moduan, herriko sortzaileek izango dute lehentasuna hitzorduotan.

Bira ekainaren 11n hasiko dugu Orbeldi Dantza Taldearen emanaldiarekin; dantzari gaztetxoenek parte hartuko dute hitzordu horretan. Iñorkiñak taldeak ere kontzertua eskainiko du. Hasi bezala amaituko da zikloa, herriko beste musika talde baten kontzertuarekin; Floxbinekin. Zikloan zehar, Orbeldikoen haur eta helduen emanaldi gehiagoz gozatzeko aukera izango dugu, bakarrizketan ariko da Ugaitz Agirre. Mihise eta Neona taldeak kontzertuan ikusi eta entzungo ditugu. Txikienak sortze lanetan Kolore Festan, gazteek olinpiadetan parte hartzeko aukera izango dute eta artixtak iluntze berean bilduko dituzte Txokoalden, Aginagan eta skate parkean. Norberak lantzen duen arte diziplina partekatuko du publikoarekin. Sortzaileen antzera, Usurbilgo kirolariak herri kirol desafioan lehiatuko dira.

Herritarrak, etxekoak lehenetsiko dituen Kultur Biran sortzaile ezagunentzako lekua ere izango da noski. Amak, Bulego edota Puro Relajoren musika emanaldiak, Andoni Egañaren "Neretik" saioa, bertso gaua, Antton Telleriaren "Nekatutak" bakarrizketa saioa... eta gehiago iragarri dituzte.

2021eko USURBILGO KULTUR BIRAK
Berritasuna: Kultur Birak pluralean, Usurbilen eta pandemia aurretik jaiak antolatzen zituzten jaietan.
Parte hartuko duten eragileak: Usurbil, Kalezar, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Jai Batzordeak, Xauxar Txosna Batzordea, NOAUA! K.E., Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea edota Ziortza Gazte Elkartea.

Birak:

-Lehen birak: Kalezarko eta Usurbilgo Kultur Birak.
-Hurrengoak: Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako Kultur Birak.

Usurbilgo Kultur Bira
-Epea: ekainak 11-uztailak 17.
-Tokiak: Artzabalgo frontoia eta Udarregi Ikastolako patio borobila. Eguraldi onarekin Udarregi Ikastola pareko zelaia.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, astebete lehenago etxez etxe banatuko dute egitaraua.

Kalezarko Kultur Bira
-Epea: ekainak 23-27.
-Tokia: Kalezarko plazako karpagunea.
-Egitaraua: bira abiatu aurretik, auzoko postontzietan banatuko dute egitaraua. Herri osoan NOAUA! nahiz  usurbilkultura.eus bidez ezagutaraziko da.

Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus 
Oharrak:
-Usurbil eta Kalezarko Kultur Birak garai berean egokituko direnez, bi eremu berezitu izango ditu usurbilkultura.eus atariak, bateko zein besteko ekitaldietan izen emateko.
-Ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago sarreren zozketa.
-Zozketaturiko sarrerak nortzuei egokitu zaizkien email bidez jakinaraziko da.
-Ekitaldi guztiak une horretako osasun krisialdiari lotutako egoerara egokituko dira. 

Kultur Bira sarean:
-Web orria: usurbilkultura.eus
-Facebook: facebook.com/usurbilgo.kulturbira
-Twitter: twitter.com/kulturbira
-Instagram: instagram.com/kulturbira/
-Youtube: Usurbilgo Kultur Bira
-E-posta: usurbilgokulturbira@gmail.com
Antolatzaileak: Usurbilgo herri eragileak eta Udala.