Kultur Bira

Usurbilgo Kultur Birarako sarrerak eskuragarri

Ekainaren 11tik uztailaren 17ra izango dugun Usurbilgo Kultur Birarako sarrerak, berritu eta ziklo honi begira egokitu duten usurbilkultura.eus atarian eskura ditzakezue jada. Bertan duzue egitarau osoa, baita ostiral honetan etxez etxe banatzen ari diren liburuxkan ere.

Labetik atera berri duten liburuxka etxez etxe banatzen hasi diren ostiral honetan bertan amaitu dituzte egokitze lanak. Ekainaren 11n abiatuko den Usurbilgo Kultur Birarako sarrerak, azken urtebeteko gainerako kultur ekitaldiekin egin den antzera, usurbilkultura.eus plataformatik eskuratu ahalko dira. Antolakuntzak webgunea prestatu du hain zuzen, antolaketa lan guztia bideratzeko.

Oraintxe, usurbilkultura.eus webgunera sartzen bazarete, kolorez aldatuta (lehen gorriz orain urdinez) ikusiko duzue ataria. Itxuraldatua beraz, ez bakarrik irudi aldetik, baita edukiari dagokionean ere. Orain arte bezala, datozen asteotarako hainbat ekitaldietarako izen emateko aukera duzue. Baina adi, bi atal sortu dituzte webgunean; batetik, "Laster Kalezarko Kultur Bira" dioena. Oraindik ez dago erabilgarri.

Ondoan, "Kultur Bira 2021" izenekoa. Ekainaren 11tik uztailaren 17ra ospatuko diren Usurbilgo kultur zikloko hitzorduetarako txartelak atal horretan klikatuta eskuratu ahalko dituzue, orain arteko formula bera baliatuta. Oraindik egina ez baduzue, lehenbizi erabiltzaile gisa erregistratu behar duzue. Segidan, parte hartu nahi duzuen ekitaldia edo ekitaldiak aukeratu. 

Ekitaldi horien artean, "zuretzat lehentasun diren bi ekitaldi hautatu ahal izango dituzu: zozketa egiterakoan, kontuan izango ditugu", ohartarazi dute antolatzaileek. 

Sarrerak arduraz kudeatzeko deia
Sarreren eskaera bideratuta, adi; beranduenez jota, ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago, "mezu elektroniko bat jasoko duzu, sarrerak egokitu zaizkizun edo ez jakinarazteko". Sarrerak egokituz gero, arduraz jokatzea eskatzen dute. Txartelak izan baina ekitaldietara joan ezin duenak, norbaiti emateaz arduratu; lagunei edota antolakuntzari.