Udarregiren eskultura izan da protagonista Sutegin egin duten bertso-saioan

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 6a, 18:35

“Bertsoaren Harria” liburua kaleratu zuen 2019ko maiatzean Koldo Izagirrek. Bertsolariei eskainitako eskulturak ditu hizpide liburuak, eta hori lantzeko, eskulturak dituzten herrietan hitzaldiak eskaintzen ari da azken boladan. Gaur Usurbilen izan da Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariekin batera, bertso-saio dinamikoan. Udarregiren eskultura du Usurbilek, bertakoa baigenuen Udarregi bertsolaria. Dozenaka pertsona bildu dira Sutegin goi-mailako bertso-saioa entzun asmoz.

Hernaniarrek badakite Txirritaren harria, Txirritaren bustoa daukatela Ereñotzun. Ba ote dakite Errenterian Xenpelarrek zuhaitz bat daukala? Errenteriarrek bai, badakite. Baina ba ote dakite Bilintxen burua, dagokion harri ederra, alegia, Donostiako hilerrian dagoela? Leitzarrek badakite, noski, Lasarteren burua daukatela herrian bertan, baina ba ote dakite Nafarroaren beste puntan, Luzaiden, Bordel bertsolariaren bustoa dagoela? Zenbat aldiz egon ote gara Bilbon Balendin Enbeita ikusi izan gabe, Arriaga antzokitik hurbil eta Areatza plazako kioskotik hurbilago dagoen eskulturan? Bertsoaren harria proiektuak Euskal Herriko ondare material eta immaterialaren zati garrantzitsua diren artelan horiek ezagutaraztea du helburu.

 

Ezagutzetatik abiatu, eta Euskal Herriko ondareari eskainitako liburuan badu lekurik Udarregik ere. Frontoiaren albo batean, Etxebeste kalean jarri zuten Udarregiri eskainitako eskultura, Matista-enea etxearen aurrean. Eskultura hori izan dute hizpide bertsolariek, bai eta beste hainbat herritan jarritako eskulturak ere. Bertsolari ezagun asko ditu Euskal Herriak, eta lehenago ere makina bat izan zituen. Horiek gogora ekarri, eta belaunaldiz belaunaldiko ibilbidea irudikatu dute Lujanbiok eta Arzallusek Sutegin.