"Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa" proiekzioa gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 7a, 09:29

Xuak, Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak bizitako antzeko errealitatea pairatzen ari dira Izadi haurtxoa eta preso dituen gurasoak, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez. Bizi dutena dokumental batean jaso eta astelehen honetan, ekainaren 7an Sutegin proiektatuko du Usurbilgo Sarek.

Presoen etxeratzeko bidean urriaren 23ra arte fase berri bat abiaraztera doala berri eman zuen Usurbilgo Sarek maiatzeko azken ostiralean Mikel Laboa plazan deitu zuen elkarretaratzean. Eskualdez eskualde Sarek "Ibilian-Ibilian etxerako bidean" izeneko  "ekimen eta mobilizazio maratoia abiatuko du, bi astean behin eskualde bati egokituz eta hurrengoari testigua pasaz". Usurbil eta zonaldeari ekaineko datorren bi asteak egokituko zaizkio. Testuinguru honetan, “Izadi: espetxean jaiotako atzera kontaketa” dokumentala aurkeztuko dute astelehen honetan, ekainaren 7an 19:00etan Sutegin. Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideek pairatutako bidegabekeria bizi dute baita Izadik eta gurasoek ere. 3 urte betetakoan preso dituen gurasoengandik bereizi dezakete. Usurbilgo Sarek kultur etxera ekarriko digu errealitate hau. Proiekzioaren ostean, solasaldia izango da.

Gizartearen inplikazioa ezinbestekotzat jotzen du Usurbilgo Sarek eta abiatzera doazen dinamika berri honetan parte hartzera deitu dute. Presoen “komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak” ezarri gabe daudenean oraindik, larriki gaixo diren 19 presok espetxean jarraitzen dutenean, presoen %28a dagoenean “0 kilometroan”, “ezin diogu une honi ihes egiten utzi salbuespenezko espetxe-politika aldatu nahi badugu”.

Ekimen gehiago udan
Sareren eskualdeetako dinamika, abuztuaren 21ean Donostian egingo den Gipuzkoa mailako martxarekin amaituko da. Lehenago, uztailaren 22etik 24ra, aurreko urteen ildotik, Hego Euskal Herria zeharkatuko duen bizikleta itzulia antolatu dute. 

Irailetik urrira, dinamika gehiago iragarri ditu Sarek, Araban, Bizkaian eta Nafarroan. "Ibilian-Ibilian etxerako bidean" izeneko dinamika hau, urriaren 23an Donostian borobildu asmo dute mobilizazio orokor batekin.

Informazio gehiagorako: sare.eus