Urola Kostako autobus zerbitzuak gauerdira arte

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 7a, 08:00

Eusko Jaurlaritzak onartu eta ekainaren 2tik indarrean duen covid19ari aurre egiteko dekretu berriaren arabera, garraio zerbitzu publikoak gauerdira arte eskaini daitezke. Lurraldebusek luzatu egin ditu hainbat zerbitzu 00:00ak arte. Tartean, Usurbil ostiral eta larunbat gauetan zeharkatzen duen UK49 lineari lotutakoak.

Dakizuenez, covid19ak eragindako osasun krisialdiari aurre egiteko dekretu berria onartu eta indarrean jarri zuen Eusko Jaurlaritzak joan den ekainaren 2an. Bestelako aldaketen artean, gauerdira arte luzatu zen ostalaritza guneen itxiera ordua, baita kultur nahiz gizarte jarduerak amaitzeko unea ere. Gauerdira arte luzatu zen baita, garraio zerbitzuak eskaintzeko aukera.

Azken zerbitzuak gaueko 00:00etan irtetea baimendu zuen Eusko Jaurlaritzak. Erabaki honen harira, Lurraldebusek zerbitzuak gauerdira arte luzatu ditu. Usurbili dagokionez, Urola Kostako zerbitzuan eragin du aldaketak.

"Ekainaren 2tik aurrera, 27/2021 Dekretuak, maiatzaren 31koa, Lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretua, Lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa, "edozein motatako garraio publikoek 24:00etara luzatu ahal izango dute irteerako gehienek ordutegia" jasotzen du. Hau jarraituz, Lurraldebusek 24:00ak arte luzatuko du zerbitzua hainbat lineetan", berri eman dute.

Ostiral eta larunbat gauetan
Aipatu moduan, Usurbil zeharkatzen duen Urola Kostako zerbitzuari dagokionez, berrikuntza batzuk txertatu ditu Lurraldebusek ostiral eta larunbat gauetan Zumaia Donostiarekin lotzen duen UK49 zerbitzuan.

Ostiral gauetan Zumaiatik azken zerbitzua gaueko 23:00etan (23:35 aldera Usurbilen) abiatuko da aurrerantzean. Donostiatik azken zerbitzuak 23:15ean (23:45 aldera Usurbilen), eta gauerdian, 00:00etan (00:30 aldera Usurbilen) abiatuko dira. Larunbatetan aldiz, Zumaiatik 23:00etan (23:35 aldera Usurbilen) eta 00:00etan (0:35 aldera Usurbilen), Donostiatik 23:30etan (00:00ak aldera Usurbilen) eta 00:00etan (0:30 aldera Usurbilen).  

Informazio gehiagorako:
lurraldebus.eus
900 300 340