"Ibilian-Ibilian etxerako bidean"

Presoen etxeratzearen aldeko Herri Krosa deitu du Sarek iganderako

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 8a, 11:26

"Ibilian-ibilian etxerako bidean" dinamikaren baitan, presoen etxeratzearen aldeko Herri Krosa deitu du Usurbilgo Sarek igande honetarako, ekainaren 13rako. Lehiakorra ez, erabat aldarrikatzailea izango den hitzordua herritar orori zuzendua egongo da.

Presoen etxeratzearen alde Sarek iragarritako "Ibilian-Ibilian etxerako bidean" dinamika berria eskualdez eskualde hedatzen ari da asteotan. Hamabostaldi honetan Usurbil eta zonaldeari dagokio ekimena sustatzea. Herri honetako Sarek astelehen honetan “Izadi: espetxean jaiotako atzera kontaketa” dokumentalaren proiekzioa ekarri digu Sutegira. 

Eta igande honetarako, ekainaren 13rako, Herri Krosa antolatu dute. Usurbilgo Sarek zehaztu duenez, eguerdiko 12:00etan abiatuko da frontoi atzetik eta Kaxkoari itzulia emango zaio. Ez da lasterketa lehiakorra izango, aldarrikatzailea baizik. Herri osoari zabaldua eta egokitua egongo den martxa izango da. 

Nahieran osatzeko moduko ibilbidea
Adin tarte guztietako herritarrek parte hartzeko moduko hitzordua izatea nahi dute antolatzaileek. Modu ezberdinetan, bakoitzak nahierara osatu ahalko du ibilbidea. "Denei zuzendua, adin eta egoera fisiko guztientzat, nahi duenak korri, nahi duenak oinez, saltoka, bizikletaz patinez edota patinetez...", zehaztu du Usurbilgo Sarek.

Helburua "giro on eta alaiean euskal presoak etxera ekartzeko aldarrikapena zabaltzea da, ibilian-ibilian kanpainaren barruan". Antolatzaileen esanetan, "denon parte hartzearekin errazago ekarriko ditugulako", ekimenaren bat egitera deitzen dituzte usurbildarrak.

"IBILIAN-IBILIAN ETXERAKO BIDEAN" HERRI KROSA
Eguna: ekainak 13, igandea.
Ordua: 12:00.
Tokia: Mikel Laboa plaza.
Zehaztasunak: presoen etxeratzearen aldeko herri krosa. Bakoitzak nahieran osatu ahalko du Kaxkoa inguratuko duen ibilbidea.
Nori zuzendua: herritar orori.
Informazio gehiago: sare.eus
Antolatzailea: Usurbilgo Sare.