"Ibilian-Ibilian etxerako bidean"

Izadi eta gurasoen egoera ezagutzeko aukera izan da Sareren eskutik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 8a, 10:52

Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideekin gertaturikoa bizitzeko atarian izan daitezke Aranjuezeko espetxean diren Izadi eta bere guraso Maria Lizarraga (Burlata) eta Iñigo Gutierrez (Algorta) gurasoak. Haien errealitatea ezagutzeko aukera izan dute aste hasiera honetan Usurbilgo Sarek, presoen etxeratzearen alde abian duen "Ibilian-ibilian, etxerako bidean" dinamikaren baitan Sutegin antolaturiko ekitaldian. 

Xua eta guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideek azken urteotan pairatu behar izan dutena oraindik orain etxe gehiagotan bizi dutela gogora ekarri digu Usurbilgo Sarek astelehen honetan Sutegin antolatu duen ekitaldian. “Izadi: espetxean jaiotako atzera kontaketa” dokumentala proiektatu dute auditorioan.

Izadi Gurasoekin Etxera plataformak ekoiztutako ikus-entzunezkoak 2 urteko Izadi haurtxoa eta Aranjuezen preso dituen Maria Lizarraga (Burlata) eta Iñigo Gutierrez (Algorta) ditu protagonista.

Usurbildarren kasuan bezala, Valentziako Picassenten izan zituzten preso lehenik, bertan elkar ezagutu ziren Xua eta Izadi. Iazko azarotik Madrilgo Aranjuezen dira. Hasieran, ama eta haurrak batera bizi ziren, aitak baimentzen zioten tarteetan baino ezin zuen haurra bisitatu. Egun familia modulu berean elkarbizi dira hirurak.

"Ez gaituzte besarkatu iazko martxotik"
Egoera ez bada aldatzen, 2022. urtarrilean haurrak hiru urte beteko ditu eta espetxean dituen gurasoengandik bereiz dezakete. Bereizketa hau saihesteko eta Izadirekin batera bere gurasoen etxeratzea eskatzeko sortu zuten aipatu herri plataforma 2019ko udazkenean, Usurbilen Xua, Olatz eta Patxirekin egin zuten antzera, bere senide, lagun eta herrikideek. Sutegin aste hasiera honetan proiektaturiko dokumental hau Euskal Herrian barrena aurkezten ari dira, eta udazkenerako, urtarrila gerturatu ahala, ekimen berriak iragarri dituzte.

Bereizketa gertatuko balitz, Izadi espetxetik irten eta sei hilabetera aske utziko dute bere aita. Amak beste 7 urte gehiago izan dezakete preso, eta tarte horretan, hilean behin bakarrik ikusi ahalko luke Izadik ama, orain arte 24 orduz elkarbizi izan direnean.

Pandemiagatik gainera, ezin izan du kalera irten, bestela 10 eguneko berrogeialdia egin behar zuelako gero, isolatuta espetxe barruan. Gurasoak ere antzeko egoeran dira. "Ez gaituzte besarkatu iazko martxotik", zioen Sutegin Izadi Gurasoekin Etxera plataformako ordezkari Itxaso Torregrosak.  Haurrak ezin izan du jaio zenetik Euskal Herrira etorri, "ez du ezagutzen biziko den ingurua". Espetxera bisitan joan izan zaizkion hurbilekoak baino ez ditu ikusi. Bereizketa gertatzen bada, aurrez beharrezkoa den egokitzapena egin gabe urrunduko dute gurasoengandik.