Ke zutabe itzela gaur ere Ucinetik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 8a, 10:28

"Xingola Usurbil" sare sozialetako erabiltzaileak astearte goiz honetan ateratakoa da albiste honi atxikitako argazkia. Ucin lantegia isurtzen ari zen ke zutabearen argazkia hain zuzen. Bideo bat ere zintzilikatu du.

Ke zutabe honen irudia, Ucinek Usurbilgo Udalaren aurkako administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu duela jakin eta gutxira dator.

Ucinek Udalaren aurka aurkezturiko administrazioarekiko auzi errekurtsoa otsailaren 9ko udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren harira dator. Ucinen jarduera baimena eguneratu beharra zegoen. Ingurumen Baimen Bateratua eguneratzeko Eusko Jaurlaritzak zehazturiko baldintzak zorroztea erabaki zuen Udalak, tokiko erakunde honek dituen "eskumenak baliatuz".

Baldintza berriak, neurri zorrotzagoak finkatzea eskatzen zion Udalak aipatu lantegiari. Eusko Jaurlaritzak lantegi honetatik airera isurtzen den partikula bat neurtzeko betebeharra ezartzen zion; Udalak aldiz "lau partikula ezberdin uneoro neurtzeko betebeharra". 

Ucinen administrazioarekiko auzi errekurtsoa ""Penaz hartu dugu", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak maiatzaren 27ko udalbatzarrean. Aurreko udal gobernu taldeen antzera, egungoa ere sarritan bildu dela zioen Osinalde industriagunean kokatua dagoen lantegiarekin. Elkarlanerako deia egin arren, "isiltasuna jaso dugu".

"Kezka partekatua"
Errekurtso honen aurrean, udal gobernu taldetik iragan udalbatzarrean adierazten zutenez ordea, "neurriak hartzea ezinbestekoa" iruditzen zaio kutsadura murrizteko, are gehiago, herrian "kezka sortzen duen gaia" izanik. Alkateak osoko bilkuran bat egin zuen kezka horrekin. "Kezka partekatua" da. 

Are gehiago bizi dugun ezohiko testuinguru honetan. "Pandemiak agerian utzi duen krisietako bat" baita baita udal gobernu taldearen esanetan, krisi ekologikoa. Klima aldaketari aurre egiteko mundu mailako erronka betetzeko tokitik eragitea ezinbestekotzat jotzen du udal gobernu taldeak. "Ezinbestekoa da kutsadura murrizteko neurriak jartzea", herritarrak, enpresak eta Udala elkarlanean arituta. Bide horretan sakontzeko deia egin zioten Ucin lantegiari. 

Airearen kalitateari lotutako azterketaren aurkezpena
Usurbilgo jarduera nagusiek airearen kalitatean duten eragina ezagutzeko Kataluniako UPC-ko unibertsitateko ikerlariek Udalaren enkarguz egina duten lana aurkeztuko dute ekainaren 29an 19:00etan Sutegiko auditorioan. Ekitaldira joateko aurrez eman beharko da izena, usurbilkultura.eus atarian.