Ikastolaren Astea

Mihise, euskal kulturzaletasuna sustatzen Ikastolan

Usurbilgo musika talde berriak tailer musikatua eskaini du DBH-ko ikasleentzat, Ikastola Eguna ordezkatzen ari den Ikastolaren Astearen baitan.

Oraindik bizi eta gainditu ez dugun osasun krisialdiagatik bigarren urtez segidan ezingo dute Ikastolaren Eguna ospatu, 2019ra arte egin ohi zuten moduan. Udarregi barruan ordea, Ikastolaren Astea ospatzen hasiak dira. Eta giro ederrean abiatu dute gainera.

Ondoko bideoan ikusi eta entzun dezakezuen moduan, euskal kulturzaleen plazan bilakatu dute astelehen honetan Udarregi Ikastolako patioa. Mihise Usurbilgo musika taldeko kideak gonbidatu zituzten; Beñat Urteaga (baxua, ahotsa), Antton Aranburu (gitarra, ahotsa) eta Mikel Olasagasti (bateria). Tailer musikatu bat eskaini zieten, uda giro beteko astelehen eguerdian patioan bildutako DBH-ko ikasleei. 

Taldeak eta talde kideek musikazaletasunean eginiko bidea aurkeztearekin batera, euskal kulturzaletasunaz hausnartzeko tartea hartu zuten, ezagunak ditugun hainbat euskal kanta jo zituzten, taldeak sortutakoak ikasleekin partekatzearekin batera.

Kultur Biran
"Kronik@" izena du, Mihise taldeak iaz kaleratu zuen estreinako lanak. Laster entzungo ditugu abiatzear den Kultur Biraren baitan. Uztailaren 3an izango da, Udarregi Ikastolaren bueltan egokituko duten karpa gunean. 200 lagunentzako lekua egongo da, usurbildarrek Rotten XIII taldearekin batera eskainiko duten kontzertuan. Sarrerak usurbilkultura.eus atarian eskuratu ahalko dituzue, ekainaren 28a baino lehen.