Eguzki eklipse partziala gaur

Ostegun goizeko 11:00ak pasatxoan hasiko da, 11:51 aldera izango du eragin gehien eta 12:44 aldera amaituko da.

Lainotsu esnatu zaigu baina goizean zehar eguzkia ikusteko aukera izango da. Baina ez guztiz, ostegun honetarako (ekainak 10) eguzki eklipse partziala iragarria baitago. Gipuzkoan, goizeko 11:03:09an hasiko da, eragin handiena 11:51:59an izango du  eta 12:44:40an amaituko da. 0.16ko tamaina izango du, %7,4ko iluntasuna eragingo du. Bestela esanda, ilargiak aipatu ehuneko horretan ilunduko du eguzkia.

Kontuan hartu beharreko bi aholku garrantzitsu; ez begiratu zuzenean eguzkiari. Kasuotarako begiak babesteko betaurreko bereziak erabili. Teleskopioak edo prismatikoak baliatu asmo dituenak, iragazki egokiak jartzea aholkatzen dute.

Munduko txoko gutxi batzuetan baino ez da izango eklipsea erabatekoa; Kanadan, Groenlandian, Artikoan edo Errusian, lurraldearen ipar-ekialdean.Zuzeneko hainbat emanaldi izango dira. Tartean, Madrilgo behatoki astronomikoak eskainiko duena Youtuben.

Hurrengo eklipse partziala 2022ko urriaren 25ean ikusi ahalko dugu. Erabatekoa izango den hurrengo eklipsea berriz 2026ko abuztuaren 12an izango da, baita 2027ko abuztuaren 2an. 2028ko urtarrilaren 26an, eraztun itxurako eklipsea izango dugu.