Mural berri bat marraztuko dute laster Zubiaurrenea 2an

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 10a, 11:04

Zubiaurrenea 2ko eraikina berritzeko murala ezabatu behar izan dute. Bertako bizilagunekin adostua dago ordea, laster mural berri bat marraztea.

Azken aldian Errekatxiki eta Zubiaurrenea kaleek bat egiten duten gunean dagoen eraikinaren paretik igaro bazarete, guztiz itxuraldatua ikusiko zenuten, goitik behera berritu baitute. Horma guztiak konpondu dituzte, baita noski, eraikinaren behealdea ere. Orain arte, behealdean, euskal presoak euskal herriratzearen aldarria biltzen zuen murala ere desagertu da berrikuntzekin. Baina ez da ezustean gertatu, ezta nahita egin ere.

Hala egitea adostua eta aurreikusia zegoen. Orain, berriz eraikinaren behealdea txuriz agertzen den arren, laster, beste mural batek hartuko du lekukoa. Hala adostu dute Zubiaurrenea 2ko bizilagunekin. "Datozen asteetan mural artistiko berri bat margotuko da bertan". 

Muralen horma
2017koa da berriki ezabatu duten murala, ez zen ordea lehenengoa, ezta aipatu moduan azkena izango. Orain artekoak beste bat ordezkatu zuen bere garaian. "Karlos Zabala eta Amaia Kasasolak egin zuten haurrekin auzolanean”, oroitu ziguten duela lau urte Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Duela lau urtekoa, muralak landu eta diseinu grafikoaren eremuan aritzen den Ugarri taldeak sortu zuen; Ibai Etxarrik eta Antton Ugartek, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen eskariz. “Lehen zegoen murala zaharkitua eta hondatu samar zegoen. Berritzeko asmoarekin kontaktatu ziguten Usurbildik”, adierazi zioten Ugarrikoek garai hartan NOAUA!ri. 

Txanponak botatzeko makina bat ageri zen muralean. Bertatik, noiz edo noiz panpinen bat ateratzen duen makina bat zen. Espetxe barruan preso segitzen dutenak, noizbehinka aske geratzen direnak, edota kanpoan zain dituzten senide eta lagunak ongi baino islatu nahi izan dituzte panpin makinaren metafora baliatuz. “Gertutasun hori. Familian presoekiko duten maitasun hori guztia islatu nahi izan dugu”, adierazi ziguten Ugarriko kideek. Baina beste ikuspuntu bat eman nahi zioten, “ez hain zuzena, metaforikoagoa”.

Mural berria laster ikusiko dugu.