Udaleku feministak antolatu dituzte Buruntzaldeko Neska* Gazteek

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 10a, 10:42

Uztailaren 9tik 11ra, eskualde mailako udaleku feministak antolatu dituzte Buruntzaldeko Neska* Gazteek. Ekimena aurkezteko saioak iragarri dituzte herriz herri. Usurbilen ekainaren 14rako iragarri dute.

"Udaran elkarren artean saretzeko eta elikatzeko aukera ezin hobea izango dugu", iragarri dute Buruntzaldeko Neska* Gazteek. Sare sozialen bidez aurreratu dute albistea. Momentuz hiru egun agendan ondo erreserbatuak uzteko eskaera egin dute, uztaileko bigarren asteburua; hilaren 9a, 10a eta 11.

Xehetasun gehiago eskaintzekoak dira ordea asteotan, herriz herri eskualdean barrena deitu dituzten aurkezpen saioetan. Usurbilgoa, datorren astelehenerako (ekainak 14) iragarri dute, arratsaldeko 18:00etan. Lekua egunotan finkatzekoak dira. "Eskualdeko txoko guztietara iristeko aurkezpenak egingo ditugu, beraz adi egon! Xehetasun gehiago nahi badituzu ez egin zalantzarik eta hurbildu zaitez", luzatu dute gonbita.

"Buruntzaldea astinduz, badator neska* gazteon lurrikara!" iragarri dute kartelon bidez.