Udajolasi lotutako guraso bilerak datorren aste hasieran

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 10a, 10:14

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak uztailaren 5etik 30era antolatu dituzten udaleku irekiei buruzko informazioa eskaintzeko guraso bilerak deitu dituzte izena emana duten gaztetxoen gurasoekin Sutegin. Ekainaren 14an eta 15ean izango dira saio hauek.

Udajolasen izena eman zutenek datozen udaleku irekiei buruzko argibideak jasotzeko aukera izango dute, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak hurrengo asterako antolatu duten bilera errondari esker. Gurasoei zuzenduriko saiook Sutegin egingo dira, oraindik gainditu ez dugun osasun krisialdia tarteko, ohiko prebentzio neurri artean. 

2019ra arte egiten zen moduan, bilera bakarra egin ordez, hiru saio antolatu dituzte ekainaren 14 eta 15erako. Datorren astelehenean (hilak 14), Udajolasen izena emana duten HH-ko haurren gurasoekin bilduko da antolakuntza. Biharamunean, LH-koekin. Lehen ziklokoekin (LH 1,2,3) saio bat eta bigarrenekoekin (LH 4,5,6) beste saio bat iragarri dute. Segidan dituzue hitzorduon xehetasunak.

Ia 190 parte hartzaile
HH3-LH6 maila artean ikasten duten 4-12 urte arteko 200 lagunentzako lekua zegoen, eta ia plaza guztiak bete ziren inskripzio aldian. Ia 190 izen emate batu dituzte aurtengo udaleku irekiek.

Gogoan izan, Udajolas uztailaren 5etik 30era antolatu dutela NOAUA! K.E.-k eta Udalak. Egunero, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz eskainiko da zerbitzua; 9:30-13:30 artean. Iazkoaren ildo beretik, aurtengo edizioa ere pandemiak baldintzaturikoa izango da. Covid19ari aurre egiteko prebentzio neurri artean bideratuko da aurtengo Udajolas. 

Udajolasi lotutako guraso bilerak Sutegin
Ekainak 14, astelehena
18:30 HH-ko ikasleen gurasoentzat.

Ekainak 15, asteartea
17:00 LH 1,2 eta 3 mailetako ikasleen gurasoentzat.
18:15 LH 4, 5 eta 6 mailetako ikasleen gurasoentzat.


Deitzaileak: NOAUA! K.E., Usurbilgo Udala.